Gizartea -
HAIZEAK ERAGINDAKO ARAZOAK
Tren bat hustu dute Alonsotegin, zuhaitz bat trenbidera erori da eta
Bidaiariek autobusez jarraitu dute euren bidea. Lekeition kiroldegiko teilatua altxatu du haizeak eta Donostian zuhaitz handi bat bota du unibertsitate inguruan
EiTB.EUS
Helena borraska dela eta, abisu horian gaude larunbat honetan Euskal Herrian. Haize bolada bortitzak izan dira han-hemenka eta hainbat kalte eragin dituzte.
Larriena Alonsotegin gertatu da, Bilbo-Balmaseda ibilbidea egiten zuen tren batean. Haizeak zuahitz bat bota du trenbidera 14:00ak aldera, eta trena hustu behar izan dute. Ez da inor zauritu, baina Alonsotegiko Babes Zibileko langileek 25 bidaiari atera behar izan dituzte. Tren zerbitzua etenda geratu da eta bidaiariek autobusez jarraitu behar izan dute bidea.
Lekeition, kiroldegiko teilatuaren zati handi bat altxatu du haizeak. Kiroldegia itxi egin dute eta konponketa lanak hasi dituzte jada.
Donostian, berriz, zuhaitz handi bat bota du haizeak unibertsitate inguruan:
Suhiltzaileek, gainera, interbentzio asko egin behar izan dituzte. Bizkaian, esate baterako, Santurtzin, Zaratamon, Berrizen, Sestaon, Basaurin, Urdulizen, Barakaldon eta Getxon aritu dira lanean.
Bost metro inguruko olatuak izaten ari dira kostaldean:
Nafarroan, hegoaldean espero da haize gehien. 75 km/h-ko ufadak daude iragarrita baina momentuz ez da arazoen berririk izan.