Gizartea -

Eguraldia

Elurragatik ezarritako alerta laranja gaur eguerdira arte egongo da indarrean

Itxita daude EAEn Herrera eta Opakua mendateak. Nafarroan, Aralarko San Migel eta Pirinioetako hiru errepide.

Belate inguruak elurtuta. Argazkia: Josetxo Apezteguia
Belate inguruak elurtuta
Elurra kentzeko makinak etengabe ari dira lanean Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan

1:00

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hotza, zaparrada mardulak, haizea eta elurra. Horiexek asteburu honetarako aurreikusi diren baldintza meteorologikoak. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du elurragatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur eta biharko, barnealdean 400 metrora egin dezakeelako. Ekaitz-guneetan beherago ere erori daiteke, gainera, elur maila.

Nafarroan, AEMETek ere alerta laranja ezarri du elurragatik eta haizeagatik. Erribera bakarrik salbatuko da elurretik, baina alerta horian egongo da haizeagatik.

Elur kota beheraka joango da egunean zehar, eta iluntzerako 300-400 metro ingurura jaistea dago aurreikusita. Nafarroako iparraldean elurrak 15 zentimetro ere hartuko ditu, meteorologia iragarpenen arabera. Ondorioz, indarrean dira neguko plan bereziak Euskal Herri osoan, eta agintariek indartu egin dituzte segurtasun eta babes zibileko zerbitzuak.

Arriskurik ez hartzeko, eta ahal bada autoan ez ibiltzeko eskatu diete agintariek herritarrei.

Errepideen egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Itxita daude ibilgailu mota ororentzat ondorengo mendateak: Herrera eta Opakua. Gainera, kateak behar dira Gatzagan eta Zaldiaranen.

Errepide sare nagusia irekita dago, baina Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak kontuz gidatzeko eskatu du Altuben, Azazetan, Gasteizko mendatean, Barrerillan, Bernedon, Urduñan, Zaldiaranen, Altuben AP-68an, Arantzazun, Barazarren, Deskargan, Diman, La escritan, Etzegaraten, Garaten, Gatzagako gainean, Kurtzetan, Udanan eta Urkiolan.

Errepideen egoera Nafarroan

Nafarroan ere sare nagusia irekita dago, baina elurra egin du goizean A-15ean, Lekunberrin, Pagozelain edota Irurtzunen. Hori dela eta, tarteka etenaldi teknikoak egiten dituzte elurra kentzeko.

Bigarren mailako errepideetan, lau errepide itxi dituzte elurragatik. Nafarroako Pirinioetako hauek: NA-137 (Burgi-Izaba-Larra Belagua), 47. kilometrotik; NA-2012 (Otxagabia-Irati), 8. kilometrotik; NA-2011 (Zaraitzu- Iparraldea), 7. kilometrotik, eta NA-7510 (Aralarko San Migel), 3. kilometrotik.

Bestalde, kateak behar dira ondorengo errepidetan:

N-135 (Iruñea-Iparraldea Luzaidetik) 30 - 55 kilometroen artean; Urkiaga mendatean, NA-138 (Iruñea-Iparraldea Alduidesetik); Egozkue mendatean, NA-2520 (Olague-Zubiri), eta Artesiaga mendatean, NA-1740 (Irurita-Eugi) 7. kilometrotik. Baita NA-214 (Nabaskoze-Burgi); NA-176 (Garde-Anso) 7. kilometrotik; NA-137 (Burgi-Izaba-Iparraldea) 33. kilometrotik; NA-140 (Auritz-Izaba), 41 - 52 kilometroen artean; eta NA-2000 errepidea (Izaba-Zuriza).

eitb.eus-era bidalitako bideo hau Belate inguruan grabatu du gaur goizean Josetxo Apezteguiak:

Ibaien ur-emariari so

Nafarroako Gobernua adi dago ibaien ur-emariari. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aurreikuspenen arabera, Iruñea aldean, Ultzama eta Arga ibaiek aurreko asteko mailak gainditu ditzakete. Gainera, Ebro aurre alerta egoeran dago, Castejon parean.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Abetxuko estazioa, Zadorra arroan, maila horira igo da.

Begoña Barrutiak Kadaguaren emariaren bideo ikusgarri hau grabatu du Alonsotegin:

Bergaran, argazki hau atera du Konsuelo Errastik:

BERGARA ERREKA ARGAZKIA KONSUELO ERRASTI

Haize zakarra

Haize zakarrak arazoak eragingo ditu, gainera, bai EAEn bai Nafarroan. 75 kilometro orduko edo gehiagoko ufadak espero dira, eta kontuz ibiltzeko eskatu dute segurtasun arduradunek.

Gaurko gertakari larriena Alonsotegin izan da. Zuhaitz bat erori da katenariara, eta trena gelditu eta hustu egin behar izan dute.

Donostian, berriz, zuhaitz handi bat bota du haizeak Lorean:

HAIZEA DONOSTIA ZUHAITZA EFE

5 metroko olatuak izan dira eguerdi aldera. Hemen Julio Beldarrainek Hondarribian eta Lazaro Gonzalezek Zumaian ateratako argazkiak:

ITSASOA OLATUAK HONDARRIBIA PORTUA ARGAZKIA JULIO BELDARRAIN

ZUMAIA OLATUAK ARGAZKIAK LAZARO GONZALEZ

Ondorengo orduetarako iragarpena

Negu gorriko giroa izaten ari da gaur protagonista: erruz bota du euria, ekaitza lehertu da inguru askotan eta hotz handia dago. Goizean, elur malutak izan dituzte, adibidez, Gasteizen eta Iruñean, eta berriz ere elurra egin dezake egunaren azken orduetan:

GASTEIZ ELURTUTA ARGAZKIA RADIO VITORIA

ELURRA NIEVE PAMPLONA EFEElurra eguerdian Iruñean. Argazkia: EFE

Arratsaldean kazkabarra izan da protagonista. 16:00ak eta 17:00ak artean txingorra gogor erori da Laudion, Portugaleten, Santurtzin, Barakaldon, Sestaon edota Tolosan, besteak beste.

Iganderako ez da aldaketa nabarmenik aurreikusten. Euri kontuekin jarraituko dugu, baina eguerditik aurrera gutxitzen joango da. Bezperan bezala, hotz egingo du. Haizeak ipar-mendebaldetik jarraituko du eta elur-mailak 400-600 metrora; halere, ez da hainbeste prezipitazio espero.

Bada albiste onik: joeraren arabera, badirudi astea giro atseginagoarekin abiatuko dugula, euria egiten jarraituko badu ere. Eguzkia ikusteko aukera ere izango omen dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hotz boladak