Gizartea -
Hezkuntza eta giza eskubideak
EAEko ikasleek gerra pairatu duten Europako hiriak bisitatuko dituzte
Lehendabiziko bisitak Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura eta Belfastera egingo dituzte, ekainean eta uztailean. Aurten, 60 ikaslek hartuko dute parte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak giza eskubideetan hezteko programa berri bat jarri du abian, eta Batxilergoko, Lan Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek gerrak eta indarkeria ekintza larriek markatutako Europako hiriak bisitatzeko aukera izango dute.
Lehendabiziko irteerak Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura (Polonia) eta Belfastera (Ipar Irlanda) egingo dituzte, datorren ekainean eta uztailean, eta 60 ikaslek hartuko dute parte.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusiak azaldu duenez, "gerra edo indarkeriazko ekintza larriak izan diren hiriak bisitatuz, gazteek etikari eta giza eskubideei buruz ikas dezatela lortu nahi dugu".
"Munduko beste toki batzuetan izan diren gertakari traumatikoak bertatik bertara ezagutzeak, eragin handia dauka eta hori pedagogikoki oso garrantzitsua da, beste pertsona batzuen tokian jartzeko eta mundua beste modu batean ikusteko balio duelako", erantsi du.
Auschwitzen milaka judu hil zituen nazien erregimenak, eta Belfast Ipar Irlandak bizi izan duen gatazka armatuaren erakusgarri da. Bi kasuak ezagunak dira eta horregatik aukeratu dituzte, programa abian jartzeko hiririk "errazenak" izan daitezkeelakoan.
Aurten, 60 ikaslek hartu ahal izango dute parte ekimen berri honetan, baina datozen urteetan kopuru hori areagotzea da Jaurlaritzaren asmoa.
Bestalde, programan parte hartu nahi duten ikasleek hainbat lan aurkeztu beharko dituzte bidaian joan ahal izateko. Batxilergoko ikasleek, taldeka, giza eskubideei buruzko bideo bat landu beharko dute. Lan Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek, ostera, banaka parte hartuko dute eta idatzizko lanak egin beharko dituzte.
Gaur hasita, otsailaren 22ra bitartean egongo irekita izena emateko epea Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Kontseiluaren atarian.