Gizartea -

SEGURTASUN ERROREA

Applek taldeko deiak desaktibatu ditu FaceTimen, segurtasun errore batengatik

iOS 12.1 sistema eragilearen azken bertsioan izandako errorearen ondorioz, hartzaileen gailuen mikrofonoak jasotzen zuena entzuten zuen deitzaileak, hartzaileek deia hartu ez arren.

Apple enpresaren egoitza. Argazkia: EFE
Apple enpresaren egoitza.
Apple enpresaren egoitza. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabiltzaileen pribatutasunarekin zerikusia duen seguritate akats bat dela eta, Apple enpresak desaktibatu egin ditu FaceTimen taldeko deiak.

iPhone, iPad eta Mac gailuen sistema eragilearen azken bertsioan (iOS 12.1) aurkitu dute errorea. Taldeko dei bat eginez gero, deiaren hartzailearen mugikorraren mikrofonoak jasotzen zuena entzuten zuten deiaren egileek, nahiz eta hartzaileak deia ez hartu.

Hori dela eta, multinazionalak funtzionaltasun hori desaktibatzea erabaki du, baina, hala ere, banako deiak normaltasunez egin daitezke.

Sistema eragilearen azken bertsio hori ez zuten erabiltzaileek ez dute segurtasun errore hori pairatu. Era berean, gailuan ‘ez molestatu’ aukera aktibatuta izan dutenek ere ez dute arriskurik izan.

FACUAren salaketa

Segurtasun errore hori dela eta, FACUAk Apple salatu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean.

Kontsumo elkartearen arabera, hartzaileak mugikorra pizteko eta itzaltzeko botoia sakatuz deia onartzen ez bazuen, deitzaileak hartzailearen gailuko argazki kamerak jasotzen zituen irudiak ikusi ahal zituen.

Bestetik, FACUAk esan du dagoeneko bost salaketa jarri dituela Facebooken kontra eta bat Googleren kontra “erabiltzaileen pribatutasuna arriskuan jarri duten segurtasun erroreak direla eta”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Albisteak gaur Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Interneteko albisteak