Gizartea -
Eguraldia
'Gabriel' borraskak haize zakarra ekarri du Euskal Herrira
Arratsaldean, 142 km/h-ko ufadak izan dira Karrantzan. Haize boladak indarra galduko du goizaldean.
EITB.EUS
'Gabriel' ziklogenesi esplosiboa Euskal Herria astintzen ari da, haize zakarra eraginez.
Ufadak 142 km/h-koak izan dira Karrantzan; 135,1 km/h-koak Santa Klaran, Donostian; eta 134,4 km/h-koak Matxitxako lurmuturrean.
Ordunte mendian 123,8 km/h-ko boladak neurtu dituzte, eta 121,4 km/h-koak, Jaizkibelen.
Horrez gain, Bilboko Portuan 4,63 metroko olatuak izan dira, eta 3,48 eurokoak Pasaiako Portuan.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du haizeagatik, 15:00etatik 00:00etara.
Horrez gain, 15:00etatik eta 18:00etara, nabigaziorako abisu horia ezarriko dute kostaldean. 18:00etatik gauerdira arte, alerta laranja izatera igaroko da.
Bestalde, kostaldeko kalteengatik abisu horia egongo da indarrean 18:00etatik gauerdira are. Olatu handienak 5-6 metrokoak izango dira.
Barnealdean, berriz, elurrari dagokion abisu horia ezarriko dute 21:00etatik gauerdira arte. Eguraldi iragarpenaren arabera, litekeena da gauean elurraren maila 1.000 metrotik behera jaistea eta azken orduetan 700-800 metroan egotea.
Nafarroan, Espainiako meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du haizeagatik ipar isurialdean eta abisu horia, ostera, Pirinioetan eta erdialdean. Haize ufadak 90 km/h-tik gorakoak izan daitezke ipar isurialdean eta 70 km/h-koak, berriz, erdialdean.
Halaber, elurrari dagokion abisu horia aktibatu dute Pirinioetan, 18:00etatik gauerdira arte. 800-900 metrotik gora, 5 zentimetro elur pilatu daiteke 24 orduan. Elur jausi arriskuagatik abisu horia ere indarrean egongo da asteazken gauerdira arte.
Alerta laranja asteazkenerako, nabigaziorako arriskuagatik
Asteazkenari begira, itsasoak zakar egoten jarraituko du. Gauerditik eta 06:00ak bitartean, nabigaziorako alerta laranja ezarriko dute kostaldean lehen bi itsas miliatan. 5-6 metroko olatuak espero dira. 06:00etatik 18:00etara, abisu horia aktibatuko da.
Olatu handien ondorioz, kostaldeko kalteengatik abisu horia egongo da indarrean gauerditik 06:00ak arte.
Barnealdean, elurrari dagokion abisu horia ezarriko dute gauerditik 09:00ak arte. Iragarpenaren arabera, elurraren maila 600-800 metroan egongo da eta egunean zehar gora egingo du, 1.500 metrora arte.