Gizartea -
Pablo Ibar auzia
Baileyk 'Collins' zinpekoa galdekatuko du, presioak salatu ote zituen argitzeko
Aurreikusi gabeko saio judizial batean, Dennis Bailey epaileak aldeak asteazkenerako deitu ditu, 'Collins' zinpekoa entzuteko.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Ibar euskal jatorriko estatubatuarra urtarrilaren 19an errudun jo zuen herri-epaimahaiko kide bat galdekatuko du Dennis Bailey epaileak, bere jardunean presioak jasan zituela Interneten idatzi zuen zinpekoa izan ote zen argitzeko.
Gaur, aurreikusi gabeko saio judizial batean, Fort Lauderdale epaitegietan (Miamitik 40 kilometro iparraldera), Dennis Bailey epaileak aldeak asteazkenerako deitu ditu, Collins zinpekoa entzuteko.
Bere botoarekin “damututa”, erabakian atzera egin nahi zuela telefonoz jakinarazi zion auzitegiari asteartean. Epaimahaiak Ibar errudun jo zuen aho batez, urtarrilaren 19an.
Iritzi aldaketaren inguruan Collins galdekatzen saiatu zen Ibarren defentsa iragan astean, baina alferrik. Euskal jatorriko estatubatuarra 1994az geroztik preso dago, eta hiru aldiz epaitu dute, horietako batean heriotza-zigorra ezarri zioten, baina 16 urte geroago bertan behera utzi zuten.
Orain, ostera, zinpekoa galdekatzea onartu du epaileak, baina epaiketaren inguruan Interneten berak idatzi ote zuen argitzeko bakarrik; zinpekoen araudiak hori espresuki debekatzen duelako.
Interneten argitaratutako mezuetan, Ibar auziko epaimahaia jasaten ari zen “presioen” aurrean nola jokatu behar zuen jakiteko aholkuak eskatu zituen norbaitek. Mezuen inguruko xehetasun gehiagorik ez dute eman gaurko saioan.
Mezuen egilea ote den jakiteko bakarrik Collins galdekatzea onartu du Fiskaltzak; izen bakarra edo gehiago erabili eta epaimahaiko beste kide batzuekin harremanetan jarri zen zehazteko. Ibarren defentsa ez dago ados, ordea, fiskalak “presioen” mamia aztertu nahi ez duelako, besteak beste.
Herri-epaimahaiaren erabakiaren berri izan ondoren, Collins-en itxurazko “damuak” eta ordezko zinpekoarekin gertatutakoak laugarren epaiketaren bermeak zalantzatan jarri dituzte. Bigarrenak auziaren inguruko informazioa auzitegitik kanpo izan zuela jakinarazi zuen. Hori ere, debekaturik dute zinpekoek.
Black eta Collins galdekatzea eskatzeko helegitea aurkeztu zuen Ibarren defentsak iragan asteazkenean. Era berean, zinpekoen hausnarketa luzatzea eskatu zuten abokatuek, edo bestela, epaiketa baliogabe uztea.
Sententziaren berri emateko saioa otsailaren 25erako deitu zuen epaileak. Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogers hiltzeagatik biziarteko kartzela-zigorra edo heriotza-zigorra ezar diezaiokete Ibarri. Hilketak Miramarren (Florida) gertatu ziren, 1994ko ekainean.