Gizartea -
TURISMO AZOKA
Stand onenaren saria jaso du Nafarroak Fitur azokan
Foru Gobernuak esan duenez, turismo sektoreko bisitari profesionalek 10etik 8,44ko nota jarri diote Nafarroak azokan izan duen erakustokiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroakoa izan da Fitur azokan egon zen stand onena, bertaratu diren turismo sektoreko profesionalen arabera. Natura, kultura eta jasangarritasuna jarri ditu erdigunean Foru Gobernuak, lurraldearen altxorrak erakusteko.
Atzo itxi zituen ateak Madrilen urtero egiten den turismo azokak. Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, merkatura egokitzeko gaitasuna, produktuaren promoziorako erabilitako estrategiak eta erakustokiaren diseinua hartu dira kontuan saria emateko: sektoreko profesionalek 10etik 8,44ko nota jarri diote Nafarroak azokan izan duen erakustokiari.
Bisitarien iritzia jasotzeko egin den galdeketaren arabera, landa turismoa da bisitari gehien erakartzen duena, baina gastronomiarekin eta ekitaldi instituzionalekin lotutako eskaintzak ere interesa pizten du.
Bestalde, Foru Gobernuak zabaldu duenez, Nafarroara bisitan joan nahi duten turista gehienek, hamarretik zortzik, Internet bidez lortzen dute informazioa. Gainerakoek, aldizkarietara, liburuetara edota bestelako iturrietara jotzen dute datu bila.
Fitur azokan Nafarroak izan duen standera hurbildu direnen erdiek baino gehiagok 8,64ko nota jarri diote bertan aurkitu duten materialari.