Gizartea -
LGTBI
Bartzelonako LGTBIfobiaren aurkako udal zentroari eraso diote
Gorroto delitu bezala salatuko du Bartzelonako Udalak LGTBI Baliabideen Udal Zentroaren aurkako erasoa, kristalak apurtuta eta pintadaz beteta agertu baita igande goizean.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako LGTBI Baliabideen Udal Zentroari eraso diote. Orain astebete ireki zuten, eta kristalak apurtuta eta pintadaz beteta agertu da igande goizean. "Hilda zaudete" eta "Fuck LGTBI" idatzi dute, eta naziek erabili ohi duten gurutze zelta bat margotu dute.
Bartzelonako Udalak Gorroto Delituen Fiskaltzan salatuko du zentroak jasandako eraso "faxista eta LGTBIfobikoa".
LGTBI komunitatearen erreferentzia izateko inauguratu zuten aurreko astean, Bartzelonako lesbianei, gayei, transexualei, bisexualei eta intersexualei harrera egin eta aholkua emateko, eta bertan daude, gainera, Casal Lambda edo Kataluniako Gay Askapeneko Frontea, besteak beste.
Ada Colau alkateak Katalunian aitzindaria den zentroa inauguratu zuen. Erasoa "koldarra" izan dela esan du, eta ohartarazpena egin die egileei: "Beldurtzen ez gaituztela jakin behar dute. Inoiz baino gehiago, askotariko hiri batean bizitzeaz harro gaude, eta pozik, nahi duguna eta nahi dugun moduan maitatzeagatik. Bartzelonan, #lovewins".
"Gorroto erasoa izan da, eta erantzuna hortik joan behar da. Gorroto eraso argia da, eta horrelako erasoak onartezinak dira", esan du Eugeni Rodriguezek, Kataluniako Homofobiaren aurkako Behatokiko presidenteak.
Astelehenean, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, zentroaren aurrean, Comte Borrell kalean, Kataluniako LGTBI Erakundeen Plataformak eta Bartzelonako Udalak deituta.
LGTBI pertsonen eskubideen eta askatasunen defentsarekin konpromisoa agertu dute Udalak eta Plataformak, eta udal zentro hori "sexu eta genero dibertsitateari buruzko erreferentziako espazioa izateko" lanean jarraituko dutela esan dute.