Gizartea -

ERRAUSTEGIA, EZBAIAN

Manifestazioa deitu du GuraSOS plataformak otsailaren 23rako Donostian

"Esan baietz adostasunari" lelopean egingo da manifestazioa. Erraustegia ez egiteko eskatzeaz gain, erakundeek gizartearekin hitz egitea ere aldarrikatu dute.

Otsailaren 23ko manifestazioaren aurkezpena, gaur, Donostian. Argazkia: Euskadi Irratia
Otsailaren 23ko manifestazioaren aurkezpena, gaur, Donostian
Otsailaren 23ko manifestazioaren aurkezpena, gaur, Donostian. Argazkia: Euskadi Irratia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

GuraSOS Gipuzkoako erraustegiaren aurkako elkarteak manifestazioa deitu du otsailaren 23rako Donostian. "Gaur hemen elkartu gara guraso, herritar eta hainbat eragile, Gipuzkoako gizarteari mobilizazio handi baterako deia luzatzeko: Diputazioari, Foru Aldundiari eta alderdi politikoei, herritarrekiko errespetua eta duintasuna exijituko dizkien mobilizazio baterako deia luzatzeko" esan dute gaur antolatzaileek Donostian, aurkezpenean.

Joseba Apaolaza aktorea, Imanol Agirretxe Realeko jokalaria eta Jesus Uzkudun CCOOeko Lan Osasunerako arduraduna izan dira, besteak beste, deitzaileek ondoan. Izan ere, manifestu baten atxikipen kanpaina hasi dute, eta manifestu horren sinatzaileak dira hiru aipatuak. Manifestu horretan, bilera eskatzen diete Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari, ordekari politikoei eta Markel Olanori, "lankidetza bideak irekitzeko, eta hondakinen kudeaketa jasangarria eta osasungarria" lortzeko.

Ildo horretan, "Esan baietz adostasunari" lelopean egingo da otsailaren 23ko martxa. Erraustegia ez egiteko eskatzeaz gain, erakundeek gizartearekin hitz egitea ere aldarrikatu dute. "Gizarte osoari luzatzen diogu deia. Nori bozkatzen diogun edo bozkatuko diogun axola gabe. Hondakinez dugun iritziaz haratago, kalitate demokratikoa da jokoan duguna, gizarte eredua. Ze funtzio dugu herritarrok? (...) Otsailaren 23an, erabateko eta egiazko demokrazia, gizartea ardatz duena, demokrazia aurreratua eta modernoa aldarrikatu nahi dugu".

Ildo horretan, behatzarekin egiten den keinu positiboa ikur bihurtu, argazkiak atera eta GuraSOSen webgunera bidaltzera animatu dute gizartea. "Akordioaren, partekatzearen eta Gipuzkoa demokratikoago baten aldeko aldarrikapen konplizearen isla izango da. Gipuzkoa gatazkatsu batetik, elkarlanean, Gipuzkoa hobeago baterako bideari baietz esateko keinu bat".

Otsailaren 23an egingo duten manifestaldia Antiguako tuneletik aterako da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoako albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea