Gizartea -
Harrapaketa
Gasteizen ibilgailu batek harrapatutako 14 urteko neskatoa hil egin da
Elkarretaratzea deitu du arratsalderako gurasoen elkarteak, Nazio Batuen etorbidearen eta Bastida kalearen arteko bidegurutzean, istripua izan zen tokian.
Agentziak | Erredakzioa
Aurreko astean ibilgailu batek harrapatutako 14 urteko nezkatoa hil da, Gasteizko Udalak baieztatu duenez. Zabalgana auzoan izan zen istripua, adin txikikoa oinezkoen pasabide batetik kalea zeharkatzen ari zela.
Gertakizunak aurreko asteko ostiralean jazo ziren, 8:20 inguruan, Nazio Batuen etorbidearen eta Bastida kalearen artean dagoen zebra-pasabide batean. Neskatoa ikastetxerako bidean zegoen.
Kalea oinezkoen pasabidetik zeharkatzen ari zela ibilgailu batek harrapatu zuen. Umeak traumatismo larria izan zuen buruan, eta Santiagoko Ospitalera eraman zuten zainketa intentsiboen unitate mugikor batean.
Ostiralean, istripua gertatu eta astebetera, neskatoa hil egin da, izandako zauri larrien ondorioz.
Harrapatu zuen ibilgailuko gidaria, 36 urteko gidaria, negatibo eman zuen alkoholemia-proban eta positibo eman zuen cannabis-proban. Horrek, hala ere, ez du esan nahi gidatu baino lehen kontsumitu zuenik.
Zabalganako gurasoen elkarteek elkarretaratzea deitu dute arratsaldearako, istripua izan zen lekuan, segurtasun handiagoa eskatzeko eta auzoa gurutzatzen duten “autobideak” salatzeko.
Azaldu dutenez, Nazio Batuen etorbideak zeharkatzen duten ibilgailuek, Jundizeko industrialdera bidean, “abiadura handian eta oinezkoentzat arriskua direla kontuan izan gabe” ibiltzen dira, eta hori konpontzeko neurriak eskatu dituzte.
Gasteizko Udalak, ostegunean, etorbide horretan segurtasun neurriak indartzeko asmoa agertu zuen, semaforoak eta beste radar bat jarrita, erdigunera doazen ibilgailuen abiadura kontrolatzeko.