Gizartea -
Denboralea
Abisu horia EAEn iganderako, elurragatik, haizeagatik eta olatu handiengatik
Igandean euria egingo du egun osoan zehar, bereziki, Kantauri isurialdean. Gainera, ekaitza ere egin lezake.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Arretarako Zuzendaritzak bukatutzat eman du itsasaldeko arriskua dela eta azken orduotan ezarritako abisu horia. Alabaina, igandean berriro aktibatuko du abisua, olatu handiengatik, haize ufada bortitzengatik eta elurragatik.
Dirudienez, igandean euria egingo du egun osoan zehar, bereziki, Kantauri isurialdean. Gainera, ekaitza ere egin lezake.
06:00etatik aurrera eta eguna bukatu arte egongo da indarrean abisu horia itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, 3,5 eta 5 metro arteko olatuak egon litezke, batik bat, gauean.
Ordu berean, abisu horia ezarriko dute, haizeagatik. Mendialdean orduko 100 kilometroko haize boladak neurtuko dituzte. Mendi inguruetatik kanpo, orduko 60 eta 80 kilometro arteko ufadak izango dira.
Bestalde, barnealdean elurra ere egin lezake. Aurreikusitakoaren arabera, egunean zehar behera egingo du nabarmen elur kotak, eta gauean 800 eta 1.000 metro artean kokatuko da. Altuera horretan 15 zentimetroko elur kapak sortuko dira.