Gizartea -
Denboralea
Aurrelarrialdi plana ezarri dute Nafarroan, Ebro ibaiak gainez egin lezakeelako
Nahiz eta egoera baretu den eta larunbatean ostarteak nagusituko diren, Nafarroak aurrelarrialdi plana ezarri du, uholde arriskuagatik. Gainera, Arabako bi errepide itxita daude, ur putzuengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Badirudi, azken egunotako euriteek atsedena emango dutela hurrengo orduotan. Horrek, ibaien emaria jaistea ekarri du, besteak beste.
Segurtasun Sailak bertan behera utzi du asteartean uholde arriskuagatik ezarritako Larrialdi Plan Berezia. Izan ere, ibaien egoerak hobera egin zuen atzo arratsaldean, eta eguraldiaren iragarpenak dio datozen orduetan euri gutxi egingo duela.
Halere, Nafarroako Gobernuak aurrelarrialdi plana ezarri du Ebro ibaiak gainez egin lezakeelako eta, ondorioz, uholdeak egon litezkeelako.
Bestalde, Araban bi errepide itxi behar izan dituzte, ibaiek gainez egin ostean errepidean pilatutako uragatik.
Esan bezala, asteartean ezarri zuen Jaurlaritzak plan berezia. Harrezkero, 24 orduko epean 100 litro ur pilatu dira, metro koadroko, Bizkaiko hainbat lekutan.
Uribarriko eta Urrunagako urtegiak husten dabiltza
Urrunagako eta Uribarriko urtegiak urez husten hasi dira gaur. Segundoko 15 metro kubiko aterako dituzte, euriteek atsedena emango duten arren, ura pilatuko baita oraindik ere.
Orain arte, Urrunagako urtegia segundoko 30 metro kubo ur botatzen ari zen Arratia eta Ibaizabal ibaietara.
Hurrengo egunetarako iragarpena
Ostirala
Euria egingo du egun osoan zehar. Zeruak hodeitsu egongo dira, eta tarteka euri zaparradak botako ditu, bereziki, ipar partean.
Haizeak indarra hartuko du. Tenperaturak, berriz, pare bat gradu igoko dira, eta elur kota 1.000 metro azpitik kokatuko da.
Larunbata
Larunbatean ez du euririk egingo. Goizaldean laino asko egongo dira zeruan, eta baliteke tarteka euri apur bat egitea. Nolanahi dela, goizean zeruak garbitu egingo dira, eta ostarteak nagusituko dira arratsalde-gau partera arte.
Tenperaturek gora egingo dute.
Igandea
Berriro ere, euria egingo du. Eguneko lehenengo orduetan iritsiko da aldaketa. Haizeak ipar-ekialdetik joko du, tarteka oso zakar.
Haize aldaketa horrek fronte baten etorrera eragingo du. Hala, zeruak estali eta euria egingo du Euskal Herri osoan, nahiz eta nagusiki iparraldean nabarituko den.
Horrez gain, elur kota jaitsi eta 1.000 metro azpitik kokatuko da, berriz.