Gizartea -

Pablo Ibar auzia

Epaitegitik kanpo informazioa jaso zuen zinpekoa galdekatuko du Ibarren defentsak

Pablo Ibarren abokatuek ezingo dute erabakian atzera egin zuen epaimahaiko kidearekin hitz egin; bai, ordea, kasuari buruzko informazioa kanpotik jaso zuen zinpeko ordezkoarekin.

Pablo Ibar, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Ibar, epaiketan.
Pablo Ibarren defentsak berediktua baliogatzeko eskatuko du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den larunbatean, herri-epaimahaiak aho batez jo zuen errudun Pablo Ibar, baina aste honetan epaimahaikide batek auzitegira deitu du erabakian atzera egiteko. Gainera, ordezkoen zerrendan zegoen zinpeko batek esan du auzitegitik kanpo jaso zuela kasuari buruzko informazioa, eta hori debekatuta dago.

Gauzak horrela, Pablo Ibarren defentsak bi lagun horiek galdekatzeko baimena eskatu dio Dennis Bailey epaileari. Hartutako erabakiarekin damua agertu duen epaimahaikidearekin hitz egiteko baimena ukatu die epaileak, baina informazioa kanpotik jaso zuen lagunarekin hitz egiteko aukera izango dute.

Galdeketa hori gaur bertan egingo dute, Fort Lauderdaleko epaitegian, 15:00etan (20:00 GMT), Bailey epailaren aurrean.

"Ez dugu esaten pertsona horrek gaizki jokatu zuela, baina (kanpotik jasotako informazioak) erabakian eragin zuela pentsatzea arrazoizkoa da", adierazi du Joe Nascimento defentsako abokatuak.

Epaimahaiko kide titularrak nahiz ordezkoak esandakoek zalantzan jarri dute berriro Pablo Ibarren kontrako ebazpena.

Testuinguru honetan Pablo Ibarren defentsak ondoko eskaera zehatzak egin ditu: aipatu bi lagunak galdekatzea eta deliberazio prozesua errepikatzea edo, hori ezin bada, epaiketa baliorik gabe uztea.

1994an, Miramarren (Florida), hiru pertsona hil izana egozten diote Pablo Ibarri. Hiru aldiz epaitu dute horregatik, baina lehendabiziko epaiketa biak baliorik gabe utzi zituzten. Azken epaiketa hilabete honetan burutu da eta epaimahaiak aho batez erabaki zuen Ibar erreduntzat jotzea. Heriotza-zigorra edo bizi osorako kartzela-zigorra ezarri erabaki behar zuen orain epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak