Gizartea -

OSASUNA

Osasun Ministerioak elikagai eta edarien azukre, gantz ase eta gatza murriztuko ditu

Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak 20 akordio sinatu ditu 398 enpresarekin, 2020ra arte elikagaien eta edarien azukre, gantz ase eta gatz kopurua batez beste % 10 murrizteko.

Azúcar en un recipiente de cristal. Imagen sacada de un vídeo de ETB.
Azúcar en un recipiente de cristal.
Azúcar en un recipiente de cristal. Imagen sacada de un vídeo de ETB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ra arte elikagaien eta edarien azukrea, gantz aseak eta gatzak batez beste % 10 murrizteko, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak 20 akordio sinatu ditu 398 enpresarekin. Guztira, 4.000 elikagai baino gehiago eta 13 motatako edarien osagaiak aldatuko dituzte.

Gatzaren % 16 eta trans gantzen % 5 murriztea da helburua. Era berean, patata frijituetan, aperitibo gazietan eta jaki prestatuetan gatz kantitatea % 10 baino gehiago murriztu nahi dute.

Akordioa sinatu duten 398 enpresek, gainera, gantz aseak murrizteko konpromisoa hartu dute. Patata frijituen, mikrouhinetarako krispeten eta ‘nuggets’en kasuan, % 10eko murrizketa egingo dute; gaileten, opilen eta erroskillen kasuan, berriz, % 5ekoa.

Azkenik, azukre gehigarriak % 18 murriztuko dituzte maionesan, % 10 esnekietan eta % 5 croissant, ketchup eta moldeko ogietan.

Guztira, 5 motatako enpresak daude plana adostu dutenen artean: produkzio enpresak (Kellog's, Coca Cola, Pepsico, Grefusa, Campofrío, ElPozo, Nueva Pescanova, Findus, Danone eta Bimbo, besteak beste), enpresa banatzaileak (Mercadona, Carrefour, Eroski, Lidl, Supercor, El Corte Inglés, Dia, Consum eta Covirán, adibidez), jatetxe kolektiboak, jatetxe modernoak (Telepizza, Grupo Vips, La Tagliatella, Rodilla, McDonald's, Five Guys eta KFC, esaterako) eta banaketa automatikoko enpresak.

Osasun Ministerioaren parte den Espainiako Elikagai eta Nutrizio Agentziak (AESAN) plan horren barruan arituko diren enpresen jarraipena egingo du, neurriak betetzen dituztela ziurtatzeko. Akordioak AESANEren webgunean eta BOEan izango dira ikusgai.

Obesitate tasak

Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate ministroak, María Luisa Carcedok, osasungarriak ez diren dietek, alkoholak, tabakoak eta drogak baino hildako eta gaixotasun gehiago eragiten dituztela adierazi du.

Gainera, Carcedoren arabera, errenta baxuak dituzten pertsonei kalte handiagoa egiten die elikadura txarrak. Hori dela eta, plan horren helburuetako bat “osasunean desparekotasunei aurre egitea” da.

Espainiar Estatuko obesitate tasa Europako altuenetarikoa da: helduen % 54k gehiegizko pisua eta % 17k obesitatea; bestetik, haurren kasuan, % 40k gehiegizko pisua du eta %18k obesitatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasunari buruzko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak