Gizartea -

EGURALDIA

Alerta laranja euriagatik Bizkaian eta Gipuzkoan, eta elurragatik Nafarroan

Kontsultatu hemen EAEn eta Nafarroan indarrean dauden alerta meteorologikoak.

Urak Sunbillako lurrak hartu ditu. Argazkia: Josetxo Apezteguia
Urak Sunbillako lurrak hartu ditu
Urak Sunbillako lurrak hartu ditu. Argazkia: Josetxo Apezteguia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurra gogotik egingo du 700 metrotik gora. Hori dela eta, AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du gaurko Nafarroan, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ostera, abisu horia Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Gaur, osteguna, elur-kota 700-1.000 metroan kokatuko da egunean zehar, baina 1.000 metrora igoko da egunaren bigarren partean. Nafarroan, elurraren maila baxuago egongo da.

Nafarroan, AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du Foru Erkidegoaren erdialdean eguerdira arte. Nafarroako ipar isurialdean, berriz, abisu horia aktibatuko da eguerdira arte.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du elurragatik barnealdean, gauerditik eguerdira arte.

Euria dela eta, ostegunera arte luzatu dute alerta laranja Bizkaian eta Gipuzkoan

Euriagatik ezarritako alerta laranja eguerdira arte arte egongo da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreikusitakoaren arabera, metro koadroko 80 litro pilatuko dira Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroan, abisu horia aktibatu dute ipar isurialdean 09:00ak arte. AEMETen iragarpenaren arabera, metro koadroko 40 litro ur pilatu daitezke 12 ordutan.

Alerta laranja 4-5 metroko olatuengatik

Eguraldi makurrak itsasoan ere izango du eragina. Goizaldean, 4-5 metroko olatuak neurtu dira, baina olatuen altuerak behera egingo du egunean zehar, eta 3 metroren bueltan geldituko da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du kostaldeko eraginagatik 06:00etatik 08:00etara, itsasgorarekin bat eginez; eta abisu horia nabigaziorako arriskuagatik lehenengo bi milietan, gauerditik 09:00ak arte.

Trafikoa

Errepide sareari dagokionez, bestalde, Neguko Bide Zaintza Planaren 'Jarraipen eta Berri Emate egoera' du indarrean Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak igandetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Bilbao Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak