Gizartea -

Maravillas gaztetxea

Gatazka konpontzeko, eraikinaren inguruko eztabaidarekin bukatzea eskatu du Asironek

Rozalejoko Markesaren Jauregiak beharrezko bizigarritasun baldintzak ez dituela azpimarratu du Iruñeko alkateak, eta "begiztatik" ateratzea eskatu die eragile guztiei.

Joseba Asiron, esta tarde, ante los medios. Foto: EFE
Joseba Asiron, esta tarde, ante los medios
'Ez du merezi borrokan ibiltzea baldintzarik betetzen ez duen eraikin baten inguruan'

2:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron Iruñeko alkateak Rozalejoko Markesaren Jauregiaren okupazioan nahasitako guztiei "begiztatik" irteteko eskatu die, "konponbideak daudelako eta ez duelako zentzurik gutxieneko eta beharrezko bizigarritasun baldintzak ez dituen eraikin baten inguruko gatazka bat luzatzea".

Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 10ean itxi zuen jauregi horretan zegoen Maravillas gaztetxea, segurtasun arazoak aipatuta. Larunbatean, zenbait gaztek berriz okupatu zuten, itxieraren kontrako manifestazio baten ostean, eta igande goizean Udaltzaingoak berriz zigilatu du atea.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Asironek "eragile" guztiei "dei argi eta garbia" egin die. "Begizta batean sartu gara, marmotaren egun batean, eta errepikatuz doaz gertakizunak, inori mesede egin gabe", esan du alkateak. "Hau guztian konponbideak eta aukerak" ikusten ditu, eta horretarako "akordioak lortzeko nahia eta egoerak eskatzen duen neurriko jarrera besterik ez dira behar". Hori Uxue Barkos presidenteari ere helarazi dio Asironek.

Okupei dagokienez, Rozalejo "hutsik eta erabili gabe dagoen eraikin bat" dela onartu du, baina "beharrezko bizigarritasun baldintzak" ez dituela azpimarratu du. Horregatik, beste konponbideak bilatzen egon beharko liratekeela esan du Asironek. Eragileekin "lan egiteko" prest agertu da; bizilagunekin eta Alde Zaharreko beste taldeekin, kasu. Elkarrizketa horiek bihar hasiko ditu, auzokideekin, alde guztiekin akordio bat lortzen saiatzeko.

Alkatearen ustez, okupek ez dute beren proiektua Rozalejoko Jauregira lotzen, "auzoko gazteentzako autokudeaketa proiektu batera" baizik. Horregatik, "aukerak badaude", esaterako, Navarreria kaleko OSCUSen eraikina, gazteei arrakastarik gabe eskainia, edo Redin Cruzat Jauregiarena, "autokudeaketarako baldintza zoragarriak dituena". "Aukerak badaude, lehengaia badago. Orain falta dena borondatea da, erantzukizuna eta egoerak eskatzen duen neurriko jarrera", esan du alkateak.

Mendillorriko Antzara eraikina aipatu du arrakasta duen mota honetako proiektu bezala. Esan duenez, "gazteen auzoko elkarte guztien eta Udalaren beraren onarpena dauka".

"Nire interesa, hiriko alkate gisa, hau konpon dadila da, eta normaltasuna eta elkarbizitza lehenbailehen auzora itzul daitezela", bukatu du Asironek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea EH Bildu Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Iruñeko Udala