Gizartea -
Maravillas gaztetxea
Rozalejoko Markesaren Jauregia itxi du berriz ere Nafarroako Gobernuak
Foruzainak sartu dira goizean goiz Maravillas gaztetxera, baina ez dute inor aurkitu barruan. Kargak izan dira inguruetan eta pertsona bat atxilotu dute.
eitb.eus
Pil-pilean jarraitzen du Iruñean, Maravillas gaztetxearen auziak. Atzo berriz ere hainbat gazte Rozalejoko Markesaren Jauregira sartu ostean, gaur goizeko lehen orduan (07:30 aldera) Foruzaingoa sartu da bertara, gaztetxea husteko asmoz, baina ez dute inor topatu barruan.
Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez, "eraikinean inor ez zegoela ikusi ondoren, atzo bertara sartzeko erabili zituzten arnesak hartu ditu Foruzaingoak". Luzagarriak, igotzeko barrak, eskailerak eta pankartak aurkitu dituzte barruan, baita atea irekitzea oztopatzeko jarritako hainbat hondakin ere.
Ondoren, Jauregia itxi dute, atea zigilatuz berriz ere. Foru Poliziaren Operazio Berezietarako Taldeko agenteek garatu dute operazioa, Espainiako Poliziaren laguntzarekin.
Foruzainak sartu diren unea grabatu eta Twitterren zabaldu dute:
Goizean foruzainak sartu eta gero, berehala zabaldu da albistea sare sozialetan eta ingurura hurbiltzeko deia egin ostean, dozenaka gazte agertu dira gaztetxearen ingurura. Poliziak kargatu egin du. Mercaderes kalean izan dira kargak eta Maravillas gaztetxetik jakitera eman dutenez, Udaletxeko Plazaraino iritsi dira:
Zaurituak izan direla salatu dute gaztetxetik eta gutxienez pertsona bat atxilotu dutela Iruñeko Alde Zaharrean.
Sare sozialetako deialdiri erantzunez, gazte ugari bildu dira Mercaderes kalera. Polizia alde batean eta dozenaka gazte daude beste aldean.
Maravillas gaztetxeko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute eguerdian, eta Nafarroako Gobernuaren zein poliziaren jarrera salatu dute: "hamarnaka karga polizial eta ehun baino zauritu gehiago izan dira hainbat egunez auzoak pairatu duen militarizazio basati honen ondorioz" esan dute.
"Oraingoan gaztetxearen aurka oldartzeko erabilitako aitzakia segurtasuna eta eraikinaren egoera izan da, baina errealitatean goitik beherako aitzakia baldar eta gezurra besterik ez da" adierazi dute. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko teknikariek egindako txostenaren emaitzak zalantzan jarri dituzte, ez baitaude ados neurketak nola egin diren ezta atera diren ondorioekin ere: "Helburua gu desalojatzea eta eraikina fisikoki haustea izan da".
"Aski da, marra gorri guztiak gainditu dituzue eta aurrean izango gaituzue. Auzo honek gaztetxea izango du ahal duen bezain laster" esanez amaitu dute.
EH Bilduk "elkarrizketa eta akordioa" eskatu ditu
"Alde Zaharrera elkarbizitza bueltatu dadin deialdi urgentea egiten dugu" zabaldu du Iruñeko EH Bilduk bere Twitter kontu ofizialaren bidez.
"Auzoak ez du tentsio egoera hau merezi. Elkarrizketa eta akordioa dira auzo proiektuak eraikitzeko bide bakarra. Poliziaren presentziak, kargek eta enfrentamenduek konponbidea oztopatzen dute" gaineratu dute.
Atzo berriz okupatu zuten gaztetxea
Iruñeko Rozalejoko Markesaren Jauregia, berriz okupatu zuten atzo, larunbata. Nafarroako Gobernuak segurtasun arrazoiak argudiatuta itxi zuen aurreko astean, urtebete baino gehiago okupatuta egon ostean.
Arratsalde-iluntze partean Iruñeko erdigunetik gaztetxearen alde egin zuten manifestazioa bukatu zenean, hiru pertsona jauregiko balkoietako batera irten ziren, eta pankarta bat zabaldu zuten, Gaztetxerik gabe, bakerik ez! Maravillas herriarentzat leloarekin.
Adierazpen batean gaztetxeko kideek esan zutenez, jauregia "herriarena da berriz ere, gure eskuetan dago berriz ere. Maravillas Gaztetxea suspertu eta bizirik dirau".
"Ez dugu onartuko kapitalak jabetza kolektiboak bereganatzen eta pribatizatzen jarraitzea. Ez dugu onartuko porlanaz eta hormigoiz gure ametsak eraisten jarraitzea. Horrexegatik, injustizia eta gezurren aurrean, atzera pausorik ez ematearen erabaki sendoa hartu dugu", esan zuten.