Gizartea -

HILKETA ATXURIN

Bilbon hilda aurkitu zuten haurraren amak uko egin dio deklaratzeari

Atzo atxilotu zuten emakumea Basurtuko Ospitalean, han baitago ingresatuta. Homizidio gisa ari dira kasua ikertzen.

Bederatzi urteko neska bat hilda aurkitu zuten Atxuriko etxebizitza batean. Argazkia: EFE.
Neskato baten hilketa, Atxurin (Bilbo). Argazkia: EFE.
Bederatzi urteko neska bat hilda aurkitu zuten Atxuriko etxebizitza batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Atxuri auzoko etxebizitza batean hilda aurkitu zuten 9 urteko neskaren amak ez du Ertzaintzaren aurrean deklaratu nahi izan, eta beraz, epaileak hartuko dio deklarazioa.

Atzo goizean atxilotu zuten emakumea Basurtuko Ospitalean, haurraren heriotzaren zerikusia duelakoan. Erietxe horretan ingresatuta dago ama, joan den asteazkenetik.

Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu zionez, atzo 11:00ak inguruan izan zen atxiloketa.

Haurraren 19 urteko ahizpak topatu zituen ama-alabak asteazken gauean, 22:00ak aldera, Atxuriko euren etxean. Osasun langileak etxebizitzara bertaratu zirenerako adingabea hilda zegoen. Amak bihotza geldituta zuen, baina larrialdi zerbitzuek suspertu ostean, Basurtuko Ospitalera eraman zuten.

ETBk jakin ahal izan duenez, azken orduetan emakumearen osasunak hobera egin du, komatik atera da eta arriskutik kanpo dago. Zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) egon ondoren, azken orduotan plantara eraman dute.

Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, "krimen" bat izan da. "Hipotesi guztiak" zabalik badaude ere, Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da haurraren heriotza. Autopsiaren emaitzek zehaztuko dute botikekin intoxikatuta hil ote zen neskatoa.

Etxebizitzan, gertatutakoarekin zerikusia duen ohar idatzi bat topatu du Ertzaintzak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Umeak azken ordukoa Erailketak