Gizartea -

Maravillas Gaztetxea

Maravillas gaztetxea okupatu dute berriro, Iruñean

Nafarroako hiriburuko Rozalejoko Markesaren Jauregian sartu da pertsona talde bat. "Herriarena da berriz ere, gure eskuetan dago berriz ere", esan dute adierazpen batean.

Maravillas Gaztetxea, berriz okupatuta. Irudia: EITB.
Maravillas Gaztetxea, berriz okupatuta.
Maravillas Gaztetxea, berriz okupatuta. Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maravillas gaztetxea, Iruñeko Rozalejoko Markesaren Jauregia, berriz okupatu dute. Nafarroako Gobernuak segurtasun arrazoiak argudiatuta itxi zuen aurreko astean, urtebete baino gehiago okupatuta egon ostean.

Iruñeko erdigunetik gaztetxearen alde egin duten manifestazioa bukatu denean, hiru pertsona jauregiko balkoietako batera irten dira, eta pankarta bat zabaldu dute, Gaztetxerik gabe, bakerik ez! Maravillas herriarentzat leloarekin.

Adierazpen batean gaztetxeko kideek esan dutenez, jauregia "herriarena da berriz ere, gure eskuetan dago berriz ere. Maravillas Gaztetxea suspertu eta bizirik dirau".

Gehitu dutenez, "hainbeste esfortzu eta maitasunez eraikitako gaztetxea, inpunitate osoz ixten zutela ikusi eta gero; gezurra haien diskurtsoaren ardatza eta oinarria izanik egindako gure lan guztia gutxietsi ondoren, guk aski dela irmoki esaten dugu".

"Ez dugu onartuko kapitalak jabetza kolektiboak bereganatzen eta pribatizatzen jarraitzea. Ez dugu onartuko porlanaz eta hormigoiz gure ametsak eraisten jarraitzea. Horrexegatik, injustizia eta gezurren aurrean, atzera pausorik ez ematearen erabaki sendoa hartu dugu", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Alde Zaharra Gazteak gaur