Gizartea -
HILKETA ATXURIN
Bilbon hilda aurkitu zuten haurraren ama atxilotu du Ertzaintzak
Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez, 11:00ak inguruan atxilotu dute emakumea, Basurtuko Ospitalean. Datozen orduotan hartuko diote deklarazioa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Atxuri auzoko etxebizitza batean joan den asteazkenean hilda aurkitu zuten 9 urteko neskaren ama atxilotu du gaur goizean Ertzaintzak, umearen heriotzarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Basurtuko Ospitalean hartu dute preso, han baitago ingresatuta.
Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez, 11:00ak inguruan izan da atxiloketa, eta datozen orduotan hartuko diote deklarazioa.
Atzo ziren deklarazioa hartzekoak, baina hainbat arrazoi tarteko, atzeratu egin behar izan dute.
Haurraren 19 urteko ahizpak topatu zituen ama-alabak asteazken gauean, 22:00ak aldera, Atxuriko euren etxean. Osasun langileak etxebizitzara bertaratu zirenerako adingabea hilda zegoen. Amak bihotza geldituta zuen, baina larrialdi zerbitzuek suspertu ostean, Basurtuko Ospitalera eraman zuten.
ETBk jakin ahal izan duenez, azken orduetan emakumearen osasunak hobera egin du, komatik atera da eta arriskutik kanpo dago. Zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) egon ondoren, azken orduotan plantara eraman dute.
Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, "krimen" bat izan da. "Hipotesi guztiak" zabalik badaude ere, Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da haurraren heriotza. Autopsiaren emaitzek zehaztuko dute botikekin intoxikatuta hil ote zen neskatoa.
Etxebizitzan, gertatutakoarekin zerikusia duen ohar idatzi bat topatu du Ertzaintzak.