Gizartea -
Gertakaria Bilbon
Baliteke etxebizitzan topatutako oharra amak idatzi ez izana
Ertzaintzak jazoerekin zerikusia duen ohar idatzi bat topatu du. Hirugarren pertsona batek idatzi ote duen ikertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Atxurin (Bilbo) hilda agertu zen 9 urteko neskatoaren kasuan, Ertzaintzak uste du etxebizitzan topatu zuten oharra ez zuela amak idatzi.
Haurra amaren ondoan agertu zen hilda, eta emakumea ospitalera eraman zuten. Atzo, komatik atera zen, eta orain suspertzen ari da ospitalean.
Poliziaren esanetan, etxebizitzan eskuz idatzitako ohar bat topatu zuten, eta uste dute ez zuela idatzi ez amak, ez haurrak. Beraz, baliteke hirugarren pertsona bat egotea nahasita gertatutakoan.
Hurrengo orduetan, ikerlartzaileek ama galdekatuko dute ospitalean, eta galdeketa hori giltzarria izango da auzia argitzeko.
Intoxikatuta
Bestalde, neskatoa eta ama substantziaren batekin intoxikatu ziren, Ertzaintzak egindako ikerketako datuen arabera. Substantziok botikak izan litezke, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Haurraren 19 urteko ahizpak topatu zituen ama-alabak asteazken gauean, 22:00ak aldera, Atxuriko auzoko euren etxean. Osasun langileak etxebizitzara bertaratu zirenerako adingabea hilda zegoen. Amak bihotza geldituta zuen, baina larrialdi zerbitzuek suspertu ostean, Basurtuko ospitalera eraman zuten.
ETBk jakin ahal izan duenez, azken orduetan emakumearen osasunak hobera egin du, komatik atera da eta arriskutik kanpo dago, baina zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) jarraitzen du.
Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, "krimen" bat izan da. "Hipotesi guztiak" zabalik badaude ere, Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da haurraren heriotza. Autopsiaren emaitzek zehaztuko dute botikekin intoxikatuta hil ote zen neskatoa.
Etxebizitzan, gertatutakoarekin zerikusia duen ohar idatzi bat topatu du Ertzaintzak.