Gizartea -
GERTAERA
Hildako 9 urteko neskatoaren ama, arriskutik kanpo
ETBk jakin ahal izan duenez, ama komatik atera da. Etxebizitzan, Ertzaintzak gertatutakoarekin lotura duen nota bat aurkitu du.
eitb.eus
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du asteazken gauean Bilboko bere etxean hilik aurkitu zuten 9 urteko neskatoaren heriotza. Haurraren 20 urteko ahizpak aurkitu zituen adin txikikoaren hilotza eta ama Atxuri auzoko etxebizitza batean. Amak bihotza geldituta zuen, baina larrialdi zerbitzuek suspertu ostean, Basurtuko ospitalera eraman zuten. ETBk jakin ahal izan duenez, azken orduetan amaren osasunak hobera egin du, komatik atera da eta arriskutik kanpo dago, baina zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) jarraitzen du.
Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, "krimen" bat izan da. "Hipotesi guztiak" zabalik badaude ere, Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da haurraren heriotza. Autopsiaren emaitzaren zain, ez dute baztertzen haurrak eta amak substantzia toxikoren bat hartu izana. Etxebizitzan, Polizia autonomikoak gertatutakoarekin lotura duen nota bat aurkitu du.
Larrialdi zerbitzuek 22:00etan jaso zuten abisua, baina osasun langileak George Stern kaleko 3. zenbakiko etxebizitzara bertaratu zirenerako haurra hilda zegoen. Neskatoaren gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik.
Amak bihotz-biriketako geldialdia zuen, baina osasun langileek suspertu eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten, larri.
Polizia judizialak heriotza gertatu den etxebizitzan igaro zuen gaua, goizera arte, zantzuen eta frogen bila.
Bizilagunen testigantzaren arabera, emakumea bi alabekin eta biloba batekin bizi zen.