Gizartea -
ETXEGABETZEAK
59 urteko ama eta 32 urteko semea etxegabetu dituzte Barakaldon
Familiak behin baino gehiagotan ukatu du Udalaren gizarte zerbitzuek eskainitako laguntza, Barakaldoko Udalaren esanetan. Berri-Otxoak plataformaren arabera, ordea, Udalak ez du erantzunik eman.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldon 59 urteko ama eta 32 urteko semea konponbiderik zein aukerarik eman gabe etxegabetu dituztela salatu du gizarte bazterketaren kontrako Berri-Otxoak plataformak. Udal gobernuaren esanetan, bestetik, familiak behin baino gehiagotan ukatu du Udalak eskainitako ostatua.
Etxetik irtenarazten ari ziren bitartean, elkartearen hainbat kide batu dira Arteagabeitiko (Barakaldo) etxebizitzaren alboan, “No al paro y a los desahucios. Murrizketarik ez” leloa zuen pankarta baten atzean. Ez da istilurik egon.
Berri-Otxoak plataformak adierazi duenaren arabera, duela hilabete agindu judizial baten ondorioz eten zuten kaleratzea abiatu dute berriro “Barakaldoko Udalaren eta Etxebizitza Sailaren gelditasuna” dela eta.
Elkartearen esanetan, familiako bi kideak langabezian daude, eta Barakaldoko Udalaren gizarte zerbitzuetara jo dute azken hilabeteetan, euren ekonomia egoera larriaren berri emateko, baina ez dute erantzunik jaso.
Gainera, familiak Amaia del Campo Barakaldoko alkatearekin batzeko eskatu duela esan dute, eta “egun erantzun baten zain daude”, horien hitzetan.
Barakaldoko Udalaren erantzuna
Barakaldoko Udalak prentsa-ohar batean adierazi duenaren arabera, kaleratu duten familiak gutxienez bi aldiz ukatu du Udalaren gizarte zerbitzuek eskainitako laguntza.
Udaleko Gizarte Ekintza Sailak martxoan izan zuen egoera horren berri, Udalaren esanetan, eta ordutik familiarekin lanean aritu dira, eta aholkuak eta laguntza eman dio une oro.
Horrez gain, sail horrek kaleratzea luzatzea epaitegiarekin adostu ondoren, Alokabiderekin harremanetan jarri zen “esleitze zuzenaren prozedura” martxan jartzeko eta etxebizitza bat lehenbailehen lortu ahal izateko.