Gizartea -
GERTAERA
Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da Bilboko 9 urteko neskatoaren heriotza
EAEko Polizia autonomikoak gertatutakoarekin lotura duen eta eskuz idatzita dagoen ohar bat topatu du etxebizitzan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du bart Bilboko bere etxean hilik aurkitu duten 9 urteko neskatoaren heriotza. Haurraren 20 urteko ahizpak aurkitu zituen adin txikikoaren hilotza eta ama Atxuri auzoko etxebizitza batean. Amak bihotza geldituta zuen, baina larrialdi zerbitzuek suspertu ostean, Basurtuko ospitalera eraman zuten. Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, "krimen" bat izan da.
"Hipotesi guztiak" zabalik badaude ere, Ertzaintza homizidio gisa ikertzen ari da haurraren heriotza. Autopsiaren emaitzaren zain, ez dute baztertzen haurrak eta amak substantzia toxikoren bat hartu izana. Etxebizitzan, Polizia autonomikoak gertatutakoarekin lotura duen nota bat aurkitu du.
Larrialdi zerbitzuek 22:00etan jaso zuten abisua, baina osasun langileak George Stern kaleko 3. zenbakiko etxebizitzara bertaratu zirenerako haurra hilda zegoen. Neskatoaren gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik.
Amak bihotz-biriketako geldialdia zuen, baina osasun langileek suspertu eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten, larri.
Polizia judizialak heriotza gertatu den etxebizitzan igaro du gaua, goizera arte, zantzuen eta frogen bila.
Bizilagunen testigantzaren arabera, emakumea bi alabekin eta biloba batekin bizi zen.