Gizartea -

Osakidetza

Gripeak denboraldiko maila altuena harrapatu du

Aurreko astean, urtarrilaren 7tik 13ra, bederatzi pertsona hil dira gripeak jota, eta 19 dira jada denboraldia hasi zenetik zendutakoak.

Kasu larrien % 53 ez zeuden txertatuta. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Gripearen kontrako txertaketa kanpaiaren irudia
Kasu larrien % 53 ez zeuden txertatuta. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

362,4 kasu 100.000 biztanleko, gripearen atalase epidemikoa (52,46 kasu) halako sei eta aurreko astekoaren ia bikoitza (188 kasu). Gripeak gora egiten jarraitzen du, eta joan den astean, urtarrilaren 7tik 13ra, denboraldiko maila altuena harrapatu du, Osakidetzak ostegun honetan emandako datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko bozeramaileek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, dena den, tasa "normala" da honakoa.

Aurreko astean, gripearen sindromea zuten pertsonen 6.716 kontsulta izan dituzte Lehen Mailako Arreta Sarean. Bizkaia da, oraingoz, asistentzia-eskari gehien izan duen lurraldea.

Informazio osagarria: Zer egin gripea badut?

Urtarrilaren 7a eta 13a bitarteko astean, bederatzi lagun hil dira gaixotasunak jota. Denboraldia hasi zenetik, 19 pertsona zendu dira eta 500 lagun ospitaleratu dituzte (165 kasu larri egon dira).

Gaixo larrienen batez besteko adina 64 urtekoa izan da, eta nabarmendu behar da arrisku-kasutzat hartu zituzten gaixoen % 53,5ek ez zutela txertoa jarrita.

Informazio osagarria: Nola bereizi gripea eta katarroa?

"Gripearen berezko sintomak nabaritzen badira, osasun-baliabideak arduraz erabiltzea" gomendatu du Osakidetzak. Hala, osasun-sistema bera kolapsatzea saihestuko da. Izan ere, gogorarazi dutenez, "gripea gaixotasun desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez du tratamendu berezirik. Beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak".

Iaz 86 pertsona hil ziren gripeagatik, eta 2.000 lagun ospitaleratu zituzten gaixotasunak eragindako konplikazioengatik. Jarduera-tasa altuena 100.000 biztanleko 418 kasukoa izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Txertoak albisteak