Gizartea -
BIZKAIA
9 urteko neskato baten gorpua aurkitu dute Bilboko etxebizitza batean
Ertzaintzak ikerketa abiatu du heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Ama, ostera, larri eraman dute Basurtuko Ospitalera.
EITB.EUS
9 urteko neskato bat hil da bart Bilboko etxebizitza batean, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Haurra hilda aurkitu dute, eta ama, ostera, larri eraman dute Basurtuko Ospitalera.
Amaren alaba nagusiak topatu ditu ama eta ahizpa Bilboko George Steer kaleko etxebizitza batean, Enkarnazio plazaren atzean. Larrialdietako zerbitzuek 22:00etan jaso dute abisua, baina osasun langileak bertaratu direnerako haurra hilda zegoen.
Amak bihotz-biriketako geldialdia zuen, baina osasun langileek suspertzea lortu dute eta larri eraman dute Basurtuko Ospitalera.
Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, kriminalitate zantzuak dituen gertakaria izan daiteke. Dena den, haurraren gorpuak ez du indarkeria zantzurik.
Epailea eta polizia zientifikoko agenteak goizaldera arte egon dira lanean hilotza agertu den etxebizitzan.
Datozen orduetan egingo diote autopsia gorpuari.