Gizartea -

Epaiketa

Fiskaltzak Cabezudoren aurkako zigor eskaera mantendu du

Sare sozial batean emakume baten argazki bat biluzik ustez argitaratzeagatik epaitu dute argazkilari donostiarra.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Argazkia: EFE
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Argazkia: EFE
Akusatuen aulkian eseriko da gaur lehen aldiz Kote Cabezudo argazkilaria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari lau urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du gaur Gipuzkoako Fiskaltzak, Justiziari oztopo egitea egotzita. Argazkilaria behin-behineko espetxean dago, bere modelo batzuen kontrako sexu-delituak leporatuta, epaiketaren zain.

Cabezudo erruztatuen aulkian eseri da asteazken honetan aurrenekoz. Auzi nagusitik berezitako epaiketa da; izan ere, modeloei egindako abusuak, iruzurra, sexu-erasoa eta haur-pornografia egotzi dizkiote, besteak beste.

Donostiako Zigor-arloko 1 epaitegiak ateak itxita egin du saioa gaur. Sare sozial batean emakume baten argazki bat biluzik ustez argitaratzeagatik epaitu dute Cabezudo. Donostiako 3 Instrukzio-epaitegian, auzi nagusian aurkezteko erabakia hartu eta egun bat geroago ustez argitaratu zuen emakumearen argazkia.

Mario Diez akusazio partikularreko abokatuak argazkilariari lau urte eta zortzi hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du gaurko saioan. Cabezudoren ustezko 23 biktima ordezkatzen ditu Diezek. Justiziari oztopo egitea, xantaia eta intimitatearen aurkako delituak leporatu dizkio akusazioak.

“Biktimari egindako xantaia zela ulertzen genuen akusazioek; abisu bat emateko modua: zure materiala esku artean daukat, zuk ikusi”, azaldu du Diezek kazetarien aurrean, Justizia auzitegiaren kanpoaldean. Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute, biktimari elkartasuna adierazteko.

"Zure materiala esku artean daukat, zuk ikusi"

Saioan zehar, argazkilariak “guztia” ukatu duela jakitera eman du abokatuak. Data horretan argazkia argitaratzea “kasualitatea” izan zela argudiatu du akusatuak, “kointzidentziaren” ondorio.

Bestalde, 1988. urtetik gaurdaino Cabezudoren biktimak 50 baino gehiago izan daitezkeela esan du abokatuak. Hala ere, Diezen hitzetan, horietako batzuk “ez daude trantze judizialetik pasatzeko prest”.

“Noski, 1988an gertatutako edozein sexu-abusu preskribaturik dago, nahiz eta testigantzek balioa izan”, onartu duenez. “Funtsean, denboran mantendutako jarduera baten isla dira, emakume ezberdinen gainean egindakoa”, erantsi du abokatuak.

Hala eta guztiz ere, oraingoz, emakumeak “deusen biktimak izatea” ukatu du Cabezudok egoitza judizialean, gogorarazi duenez. “Beraren eta bere abokatuaren aurkako biktima guztien konplota planteatu du beti, defentsa estrategia bezala”, gaineratu du Diezek.

Gaurko auzia ebatzi ondoren, auzi nagusitik beste bi pieza berezi dituztela aurreratu du abokatuak. Bietan instrukzioa bukaturik dagoela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak