Gizartea -

Greba feminista

M8an greba egiteko eta 'erdigunea hartzeko' deia egin du EHko Mugimendu Feministak

Bost ardatz edukiko ditu grebak: pentsionista, ikasle, enplegu, kontsumo eta zaintza greba izango da. Azken horri zentralitatea eman nahi diote feministek.

Iaz milaka emakume atera ziren kaleran martxoaren 8an. Artxiboko irudia: EFE
Iazko greba feministaren manifestazioa Donostian
Iaz milaka emakume atera ziren kaleran martxoaren 8an. Artxiboko irudia: EFE

Eider Garaikoetxea | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 8an "kapitalismo heteropatriarkalari planto" egiteko eta "erdigunea hartzeko" deia egin die "emakumeei*" Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Egun horretarako "pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista" deitu du mugimenduak.

Greba deialdia gaur aurkeztu dute mugimenduko ordezkariek, Gasteizko Talka espazio autogestionatu feministan egindako prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, aurtengo grebari begira "aldarrikapenak zehaztu eta oinarri politiko amankomun batzuk ipintzeko" lanean ibili dira herri, eskualde eta nazio mailan egindako asanblada eta batzordeetan.

Deitzaileek irakurri duten agirian zehaztu dutenez, "heteropatriarkatuak zapaltzen dituen kolektiboa" deitu dute grebara, hau da, "emakumeak*, bollerak eta transak". Izan ere, azaldu duenez, izartxoa darabilte grebaren subjektu guztiak ez direlako emakume bezala identifikatzen eta "emakume eta gizon kategoria patriarkalarekin amaitu beharra" dagoelako.

Ohartarazi dutenez, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du greba, eta ez dute onartuko inork borroka hori "xurgatzea", edo "erabilera alderdikoi edo korporatibista interesatua" egitea.

Zaintza, erdigunera

Feministek "itun sozial berria" eskatu dute zaintza modu kolektiboan berrantolatzeko, eta ez dadin "zapalduen bizkar geratu". Hori lortzeko, "parekidetasuna bermatzeko politikak" jarri beharko dira martxan, "sakoneko eraldaketa prozesu" bat eginez.

Nabarmendu dutenez, aurten zaintzari eman nahi diote zentralitatea, eta besteak beste, lan horiek azalarazi eta "etxeko langileen esplotazioarekin aberasten diren enpresa banpiroak" identifikatuko dituzte.

Martxoaren 8ari begira, gizonei "zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea" eskatu diete: "Lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatuz, norberaren eginkizunetarako eguna hartuz eta inguruan dituzten zaintza lanak bere eginez". Emakumeei amantala balkoian edo leihoan eskegitzeko deia egin diete, egun horretako "plantoa" irudikatzeko.

Kontsumo greba

Martxoaren 8akoa kontsumo greba ere izango da, eta egun horretan ez kontsumitzeko eskatu dute. Halaber, "kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko" deia egin dute. Argudiatu dutenez, "kontsumitzen dugunean ekoizpen eredu bat edo beste sustatzeko boterea dugu". Horren ildoan, gogoetarako gonbita egin dute: "Egin diezaiegun planto langileen esplotazioaren ikur diren enpresei, beren publizitatean emakumeok objektutzat hartzen gaituzten horiei, edo beste herrietako miseria eragiten duten multinazional handiei".

Azkenik, azpimarratu dute M8a kapitalismoaren kontrakoa dela, "langileon miseria eragiten duelako"; patriarkatuaren kontrakoa, "gizon eta emakumeen arteko botere sistema" delako; heteroarauaren kontrakoa, "LGTBIQ mugimendua baztertzen duelako"; kolonialismoaren kontrakoa, "pertsonen eta lurraldeen arteko desoreka harremanak eragiten dituelako", eta kapazitismoaren kontrakoa, "aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzen dituelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna