Gizartea -

BILBOKO PLAZA BERRIA

Bilboko Udalak Calixto Diez plaza handituko du, horren eremua bikoiztuz

Calixto Diezen dagoen gasolindegia kenduko dute Labayru, Gordoniz eta Calixto Diez kaleen artean plaza berria egiteko. Egun 1.000 metro karratu dituen plazak 2.300 metro karratu izango ditu.

Calixto Diez plaza berriaren aurkezpena Bilboko Udalan. Argazkia: bilbao.eus
Calixto Diez plaza berriaren aurkezpena Bilboko Udalan.
Calixto Diez plaza berriaren aurkezpena Bilboko Udalan. Argazkia: bilbao.eus

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Calixto Díez, Labayru eta Gordoniz kaleen arteko eremua berrantolatuko du Bilboko Udalak, Autonomia kalearekin bat egiten duen lekuan. Obrak, Zerbitzuak, Hiri eraberritzea eta Espazio publikoko Saileko zinegotzi Asier Abaunzak aurkeztutako proiektuaren helburua 2.300 metro karratuko plaza eraikitzea da.

Plaza berria Errekalde eta Indautxu artean egongo da, San Frantzisko Xabier plaza aurrean. Calixto Diez, Labayru eta Gordoniz kaleen artean plaza berria egiteko, han dagoen gasolindegia kenduko dute. Horren ondorioz, Labayrun izaten den zirkulazioa murriztu egingo da.

Beste lan osagarri batzuk ere egingo dituzte. Gordoniz kalean, esaterako, oinezkoentzat bi pasabide berri egingo dituzte plaza berriarekin lotzeko, eta aldatu egingo dute Autonomiarekin bat egiten duen tokian dagoena, bertan dauden semaforoak lekuz aldatuta.

Lanak sei hilabetean egingo dituzte, eta 880.000 euroko aurrekontua izango dute.

Calixto Diez plazaren planoaCalixto Diez plaza berriaren planoa. Argazkia: bilbao.eus

Zabalbide “adeitsuago bihurtzea”

Bestetik, Zabalbide kalean (Uribarri) oinezkoen zirkulazioa hobetuko dute, 106 eta 112 zenbakien arteko kale-tartea eraldatuz.

Tarte hori hobetze aldera, eremua guztiz urbanizatuko dute berriro, espaloiak 4 metroraino handituko dituzte atari bakoitiak dauden aldetik eta galtzada zabalduko dute bestetik, zirkulazioak bi noranzkoak izaten jarraitzeko.

Gainera, oinezkoentzako pasabideak irisgarriagoak izango dira eta udal zerbitzuak berrituko dituzte. Horrekin batera, Ave Maria ikastetxerako eta Santa Maria Artagan egoitzarako sarbidea berritu eta oinezkoentzako pasabidea moldatuko dute egun indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko.

Obrak bost hilabetean egingo dituzte eta 850.000 euroko aurrekontua izango dute. Lanak Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak udan sinatutako hitzarmenaren ondorioz egingo dira, hitzarmen horri esker errepidearen tarte horren jabetza aldatu, eta foru-errepide izatetik hiriko kale izatera pasatu baitzen.

Auzokide Plana

Calixto Diezen eta Zabalbiden egingo dituzten lanak Auzokide Planaren barruan jasota daude. Bilboko auzoak hobetzeko plan horren aurrekontua Bilboko 8 barrutien artean banatzen da, 1,5 milioi euro barruti eta bakoitzeko; beraz, lau urtean 48 milioi euroko aurrekontua du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea