Gizartea -

Urtarrilaren 14ko saioa

Defentsak bere txanda amaitu du, Pablo Ibarren epaiketaren 20. saioan

Saioaren hasieran, defentsak bere txanda amaitutzat eman du. Ondorioz, fiskalak erreplikarako txanda izango du orain.

Pablo Ibar, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Ibar, epaiketan
Pablo Ibar, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, urtarrilak 14, astelehena, egin zuten Pablo Ibarren ahozko epaiketaren hogeigarren saioa Floridako (AEB) Broward Country auzitegian.

Goizean saioa hasi bezain laster, defentsak hartu zuen hitza bere txanda amaitutzat ematen zuela eta ez zituela lekuko gehiago deituko esanez. Hori dela eta, erreplikarako tartea zabaldu zen fiskalarentzat.

Fiskaltzak defentsak bere tartean aipatutako kontuei soilik erantzun ahal izango die. Halaber, lekuko eta peritu gehiago aurkez ditzake. Kasu horretan, defentsak galderak egiteko eskubidea izango du.

Fiskaltzaren txanda

Erreplikarako txandan, fiskalak beste behin Human Nasir deitu zuen deklaratzera. Lehendabiziko DNA probak egin zituen Bode Cellmark laborategiko analista da eta iragan abenduaren 18an ere deklaratu zuen.

Funtsean, garai hartan estandarizatuta zeuden lan prozeduren arabera lan egin zuela adierazi zuen. Pablo Ibarren abokatuen esanetan, lekukotza horrek ez zien indarra kendu aurrez defentsak aurkeztu zituen peritaiei.

Gerora, Fiskaltzak Stephanie Siivak deitu zuen, Bode Cellmark laborategiko arduradun teknikoa eta Huma Nasirren nagusia. Bere agerraldian azaldu zuenez, Humak protokolo egokiak jarraitu zituen probak egiterakoan. Defentsaren ustez, lekukotza horrek ez zuen peritaien irmotasuna ahuldu.

Azkenik, fiskalak Kevin McElfresh doktorea deitu zuen, DNAn aditua eta Bode Cellmark laborategiaren sortzaileetako bat da. Bere hitzaldian, defentsak aurkeztutako DNA adituak kritikatu zituen.

Aurreikuspenen arabera, astearte honetan amaituko da erreplikarako tartea.

Gauzak horrela, urtarrilaren 16an aldeek beren azken ondorioak aurkeztuko dituzte eta, amaitutakoan, epaimahaia erabakia hartzera erretiratuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Pablo Ibar auzia Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak