Gizartea -
Hezkuntza
Hamar eguneko greba berriari ekingo diote aste honetan itunpeko ikastetxeetan
EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek lanuztea egingo dute asteazkenetik hilaren 25era arte, ostirala, patronalekin izandako bileran akordiorik ez lortu ostean.
eitb.eus
Asteazkenetik aurrera, hamar eguneko greba berria egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan. Urtarrilaren 16tik 25era deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Lan hitzarmena berritzeko egindako azken ahaleginak urriak izan dira sindikatuentzat.
Ikasturte honetako seigarren grebak 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.
Abenduaren 21etik dago deituta lanuztea, eta aste honetan aldebiko zenbait kontakturen ostean, ostiralean bildu ziren patronalak eta sindikatuak, akordiorik gabe.
ELAko Miren Zubizarretaren arabera, bileran ez zituzten "garrantzizko edukiak" jorratu, akordioa lortzeko patronalak egindako proposamenak "eskasak" izan zirelako. "Ez da nahikoa bilera deitzea, deitzeagatik, greba baino hiru egun lehenago", esan zuen Zubizarretak.
Bi patronaletako batek, Kristau Eskolak, irakasleen ordezkariak "benetako negoziazioa eragozten" ari direla salatu zuen bileraren ostean. "Aurkeztutako azken proposamenari sindikatuek argudioekin eta planteamenduekin ez erantzutea arduragabekeria" zela esan zuen Mikel Ormazabal zuzendari nagusiak.
Lanuzte berriaren bezperetan, gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. Hamar greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.
"Oso atsekabetuta" eta "babesik gabe" sentitzen dira gurasoak, eta irakasleei erantzukizuna izatea eskatu diete, euren ustez "ez dagoelako eskola-orduak galtzea eta ikasturtea arriskuan jartzea justifikatuko duen argumenturik", Fecapp, Bidelagun eta Fapae federazioetako bozeramaileek esan zutenez.
Sindikatuentzat, ordea, gurasoek badakite "erantzukizun mailak desberdinak direla, eta erantzukizunak eskatu behar dien lekuan eskatu behar dira". "Horregatik, ondo iruditzen zaigu mobilizatzea eta erantzukizunak eskatzea, baita Eusko Jaurlaritzari ere, horiek ere gatazka honen erantzuleak baitira", esan zuen Zubizarretak.
Irakasleen eskaerak
Lan-hitzarmena hamar urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute.
Gainera, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.