Gizartea -
Urtarrilaren 10eko saioa
Defentsaren eta fiskalaren arteko eztabaidak nagusi, Ibarren epaiketaren 18. saioan
Defentsaren txandaren hirugarren saioan, Allan Jamiesonek, Jay Taylor lekukoak eta Paul Manzellak (Ibarren laguna) hartu dute hitza.
EiTB.EUS
Urtarrilaren 10ean egin dute Pablo Ibarren ahozko epaiketaren hemezortzigarren saioa, Floridako (AEB) Broward Country auzitegian.
Defentsaren txandaren hirugarren saio horretan, Ibarren abokatuek eztabaida luzea izan dute fiskalarekin epailearen aurrean, baina epaimahaikideak bertan ez zirela. Hain zuzen ere, aurreko egunean defentsak aurkeztutako mozioa izan dute eztabaidagai. Horren bitartez, ezabatutako bideo zintak aurkezteko eskatu zioten Fiskaltzari, hilketa gertatu baino egun bat lehenago Kasimir Sucharski biktimari mehatxu egiten zioten bi lagunen irudiak jasotzen dituztelako.
Geroago, beste eztabaida bat izan dute, azken hori ere epaimahaikideak aurrean ez zeudela. Allan Jamiesonen testigantzaren inguruko ika-mika izan da bigarren hori.
Ondoren, eta epaimahaikideen aurrean, Allan Jamiesonen lekukotasunak hartu du tokia, eta haren ostean iritsi da Jay Taylorren testigantza.
Paul Manzella izan da deklaratzen azkena. Abenduaren ere, Fiskaltzaren lekuko gisa joan zen epaiketara Manzella.
Defentsak aurkeztutako mozioaren inguruko eztabaida
Dirudienez, Seth Peñalverren epaiketan azaldu ziren zintak 2012an, eta poliziaren zaintzapean zeudela, ezabatu egin omen zituzten.
Miramarreko Polizia Departamentuak, epailearen aginduari obedituta, hilketa hirukoitzarekin lotutako zinta guztiak eraman ditu. Guztira, 237 zenbatu dituzte, eta orduantxe ohartu dira bi zinta falta zirela. Hain justu, 2012ko epaiketan, Peñalverren defentsaren 44. eta 45. frogatzat hartu zituzten bi zinta horiek.
Hala, horien faltari buruz galdetuta, Fiskaltzak esan du ez dakiela non dauden, baina kasua argitzeko orduan ez direla garrantzitsuak.
Allan Jamieson adituaren lekukotasunari buruzko eztabaida
Fiskaltzaren argudioen aurrean, epaileak ez ditu Jamiesonek horren harira egin beharreko adierazpenak onartu. Alabaina, DNA probei buruzko testigantzak baimendu ditu.
Jay Taylorren hitzak
Hainbat lagunekin batera Lee kalean bizi zenean, alegia, hiru hilketak jazo zirenean, Pablo Ibarren laguna zen Taylor. Gainera, Taylorren esanetan, Ibarrekin harreman estua zeukan, eta astebururo elkarrekin ateratzen ziren.
Taylorrek azaldu duenez, Pablok ez zuen sekula inorekin arroparik aldatzen. Hori dela eta, Ibarrek Alberto Rinconen oinetakoak erabili izana ukatu du.
Era berean, ikerketa abian zenean, Manzellak egindako mehatxuez mintzatu da. Izan ere, gertakarien irudiak jasotzen dituen bideotik hartutako argazkian azaltzen den pertsona Ibar dela esateko eskatu omen zion pare bat alditan Manzellak. Mehatxuak mehatxu, Taylorrek irmoki ukatu zuen han agertzen zen pertsona Ibar zela.
Paul Manzellaren lekukotza
Aurenekoz, Manzellak onartu egin du, azterketa balistikoen arabera, arma hori ez zutela Ibarri egotzi zizkioten hiru hilketak egiteko erabili.
Gaur, urtarrilak 11, egingo dute epaiketaren hemeretzigarren saioa.