Gizartea -

Eraso arrazista

Gasteizko hiri-autobus batean izandako hitzezko eraso arrazista ikertzen ari dira

Gidariak patinetea plegatzeko eskatu zion emakumeari. Azken honek autobus barruan egingo zuela erantzun zion, umeak behar bereziak dituela arrazoituta. Zenbait bidaiari irainka hasi zitzaizkion.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako hiriburuko autobus batean atzo izandako hitzezko eraso arrazista ikertzen dabil Gasteizko hiri-garraioaz arduratzen den Tuvisa enpresa.

Bidarietako batek (@asmaatxo_ erabiltzailea) grabatutako bideoan entzun daitekeenez, gidariaren eta atzerriko emakume baten arteko eztabaidaren ondotik iritsi ziren kutsu arrazistako irainak.

Erasoa asteazken arratsaldean gertatu zen. Esan bezala, bi alabekin batera autobusera sartzera joan zenean, eskuan zeraman patinetea plegatzeko eskatu zion txoferrak emakumeari. Alabaina, itxaroteko eskatu zion honek. Hain zuzen ere, behin eserlekua hartuta, orduantxe plegatuko zuela erantzun zion, alabetako batek behar bereziak dituela argudiatuta.

"Berdin zait behar bereziak dituen ala ez. Patinetea plegatzen ez baduzu, ezingo zara autobusean sartu", adierazi zion haserre gidariak. Emakumeak, orduan, arrazista izatea egotzi zion, eta, hori entzutean, bidaiarietako bat irainka hasi zitzaion: "Militarra naiz, eta 20 urte daramazkit zu bezalako jendea hiltzen".

Erasoa grabatu zuen bidaiaria irain gehiagoren lekuko ere izan zen: "Gurera etorri eta dena kentzen diguzue", "Nazka ematen duzue, beltz putook"...

Gainera, Twitter bidez zabaldu duen bideo horretan nabarmendu du bidaiari bakar batek egin zuela emakumearen alde.

Oraingoz, ez dute salaketarik aurkeztu, baina gertatutakoa ikertzen ari da Tuvisa konpainia. Itziar Gonzalo aipatu enpresako presidenteak ziurtatu du informazioa biltzen dabiltzala, autobusean jazotakoa argitze aldera. Horretarako, Gonzalok berak eta Gasteizko alkateordeak garraio enpresako Administrazio Kontseilua osatzen duten alderdiei helaraziko dizkiete azken orduotan jasotako adierazpen guztiak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Araba Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Garraio publikoa gaur Gasteizko autobusak