Gizartea -
Urtarrilak 19, manifestazioa
Maravillas: 'Proiektuak aurrera jarraituko du, baina ez derrigorrez Rozalejon'
Poliziaren kargek “50 zauritu baino gehiago” utzi dituztela salatu dute gaztetxeko bozeramaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Rozalejoko Markesaren jauregia gaztetxe bezala erabiltzen zuen kolektiboak ziurtatu duenez, proiektuak aurrera jarraituko du, baina “ez derrigorrez Rozalejo jauregian”. Poliziak lokala desegin eta sarbideak zigilatu ditu.
Kolektiboaren bi bozeramailek prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan. Urtarrilaren 8tik Rozalejo jauregira sartzea eragozten duen hesi polizialaren aurrean, kalean, egin dute agerraldia. Poliziaren ekintza errefusatu dute. Dozenaka gaztek eta bizilagunek babestu dute ekitaldia. Argazkietan zauritu batzuen lesioak erakutsi dituzte protestan.
Poliziaren kargek “50 zauritu baino gehiago, horietariko batzuk ospitalean”, utzi dituztela azaldu dute kolektiboko bozeramaileek. Gaztetxean segurtasuna egiaztatzeko azterketa tekniko bat egitera sartu zirenik arbuiatu dute, horretarako armaturik ez liratekeelako joango.
“Euren interesak salbatzeko gezurretan aritzeko kapaz dira”, ziurtatu dute gazteek, Foru Gobernuari erreferentzia eginez. Exekutiboa eraikinaren jabea da. Kolektiboak bizilagunak “sekula” arriskuan jarri ez dituela azpimarratu dute, ezta gaztetxeko kideak ere.
“Guztiz kontrakoa, zuek hiltzen utzi zenuten eraikina altxatu dugu”, deitoratu dutenez.
Gazteak beti “elkarrizketarako prest” egon direla defendatu dute, eraikinaren egoera eta lanen inguruan eztabaidatzeko; baina egindako eskaintza guztiak “gutxietsi” dituztela erantsi dute.
Argazkia: EFE
“Kanpoan nahi gintuzten; benetan ez dituelako gure segurtasunak edo eraikinarenak kezkatzen. Maravillas Gaztetxetik ernetzen ari den proiektuak kezkatzen ditu”, nabarmendu dute. Zentzu horretan, egitasmoak aurrera jarraituko duela esan dute, baina ez jauregi horretan ezinbestean. “Toki fisikoa ez da funtsezkoa”, gaineratu dute.
Horretarako, hutsaraztea salatzeko protesta ekintza ezberdinetan parte hartzera deitu dute. Urtarrilaren 19rako manifestazioa deitu dute.