Gizartea -
Donostia
Gorenak berretsi egin du Donostian semea hil zuen aitari ezarritako 19 urteko zigorra
Ebazpenaren arabera, emazteaz mendekatzeko labanaz hil zuen Julen Serrano, 13 urteko semea, Antiguako etxean, 2011ko abenduan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Donostian semea hil zuen aitari ezarritako 19 urteko kartzela-zigorra. Egun batzuk lehenago dibortzioa eskatu zion emazteaz mendeku hartzeko hil zuen 13 urteko mutikoa, labankadaz.
Gertakariak 2011ko abenduaren 1ean jazo ziren, Donostian, Antigua auzoko etxe batean. Epaiketan ukatu egin zuen semea hil izana, baina epai-mahaiak frogatutzat eman zuen emazteaz mendekatzeko asmoz hil zuela semea, mutikoari labana ezustean bularrean sartuta.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 19 urteko espetxealdia ezarri zion. Halaber, biktimaren amari eta neba-arrebei 314.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen.
Luis Serranok helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin du.
"Dibortziatu nahi zuen emazteaz mendekatzeko bere semea hil izana oso larri da; zigortuak maltzurkeria handiz jokatu zuen", azpimarratu dute magistratuek epaian.
Horrez gain, eraso horrekin "emakumea gizonaren menpe" dagoela erakutsi nahi izan zuela adierazi dute. "Emakumeari ahalik eta minik handiena eragin nahi izan zion, eta, aldi berean, semea hil izana bere errua zela sentiarazi", erantsi dute.
Bestalde, epai-mahaiak nabarmendu du mutikoak ez zuela defentsarako aukerarik izan, aitak ezustean sartu ziolako labana bularrean eta testuinguru hartan, etxean, norbere aitak hil egingo zuela pentsatzea ezinezkoa zelako.