Gizartea -
Iruñea
Maravillas gaztetxearen 'hutsarazte ezkutu eta doilorra' salatu du kalejira batek
“Erantzukizun guztia Nafarroako Gobernuarena da”, adierazi du bozeramaile batek batzarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Maravillas gaztetxearen aldeko kalejira egin dute Iruñeko parte zaharrean. “Hutsarazte ezkutu eta doilorraren” aurka protesta egin dute gazteek. Poliziak eta teknikariak Rozalejoko Markesaren jauregian sartu dira goizaldean, segurtasuna egiaztatzeko.
Eraikinaren okupazioa babestu eta Maravillas gaztetxe bezala kudeatzen duten gazteek batzar informatiboa egin dute. Polizia eta teknikarien ekintza kritikatu dute: “Hutsarazte estali eta doilorra izan da”.
Foruzaingoa eta Foru Exekutiboko teknikariak jauregira goizaldean sartu izana errefusatu du bozeramaile batek batzarrean. Eraikina hutsik zegoela zehaztu du. “Erantzukizun guztia Nafarroako Gobernuarena da”, adierazi du.
Txosten tekniko bat egin behar izatea zalantzan jarri du bozeramaileak. Arrazoia hori izango balitz, arratsaldean kolektiboaren abokatuarekin batera sartzen saiatu diren “pertsonei pasatzen utziko zieten”, azpimarratu du. Horregatik, “hutsarazte baten aurrean gaude”, ziurtatu du, “baina ez dugu amore emango”.
Bilera amaituta, gazteek kalejira egin dute Iruñeko parte zaharretik, "Maravillas aurrera!" lelopean. “Hutsarazte bat, beste okupazio bat!”, oihukatu dute protestan.
Ibilbidean EAJko egoitzaren aurrean geldialdia egin dute. Fatxadaren kontra arrautzak eta petardoak jaurti dituzte.
Txapitela kalera heldu direnean, Espainiako Poliziaren aurrean eserialdia egin dute. Gazteluko plazara sartzen galarazteko hesi bat osatu dute poliziek. Ondoren, protestarekin jarraitu dute manifestariek.