Gizartea -
Epaia
Gizonak emakumeari egindako eraso oro indarkeria matxista dela ebatzi du Gorenak
Nahiz eta bikotekideek edo bikotekide ohiek testuinguru batean elkarri eraso egin, gizonak genero indarkeria delitu bat egingo du, eta emakumeak etxeko indarkeria, epaiaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Bikote zein bikote ohien esparruan, emakumearen aurka egindako eraso oro genero indarkeria dela erabaki du Auzitegi Gorenak, nahiz eta biek elkarri eraso egin, eta emakumeak borroka fisikoari hasiera eman.
Txostengilea Vicente Magro Servet magistratua izan da. Nahiz eta bikote ala bikote ohi testuinguru batean elkarri eraso egin, gizonak genero indarkeria delitu bat egingo du, eta emakumeak etxeko indarkeria, epaiaren arabera.
“Erasoa egiaztaturik, gertakaria genero indarkeria da, eta elkarri eraso egin baldin badiote, auzi honetan bezala, biak zigortu behar dira. Genero indarkeriagatik gizona, eta familia-indarkeriagatik emakumea”, azaldu du sententziak.
Horrela, Zaragozako Lurralde-auzitegiaren absoluzioa atzera bota du Gorenak. Era berean, gizonari 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio, baita urruntzeko agindua eta zigor erantsiak ezarri ere. Era berean, emakumeari 3 hileko kartzela-zigorra ezarri dio, baita urruntzeko agindua eta zigor erantsiak ere.
Gorenaren esanetan, bikote harreman afektibo baten barruan gizonak emakumearen aurka egindako erasoak “botere eta nagusitasun ekintzak dira; arrazoia eta asmoa zein den kontuan hartu barik”.
“Bikote edo bikote ohi harreman batean, gizonak emakumearen aurka egindako edozein eraso genero indarkeria da”, adostu du Gorenak.
Boto partikularra
Hala ere, 14 magistratuetatik lauk boto partikularra eman dute epaian. Gizona genero indarkeriagatik zigortzea errefusatu dute lau epaileek boto partikularrean.
Emakumeari eta gizonari familia-indarkeria (153.2) delitua leporatu behar zaiela uste dute, eta gertakarien larritasun eskas ikusita, “153.4 artikuluko zigorrik txikiena aplikatu”.
Miguel Colmenero magistratuak boto partikularra idatzi du, eta Alberto Jorge Barreiro, Juan Ramon Berdugo eta Carmen Lamela epaileek bat egin dute. Lau magistratuen hitzetan, gizonak emakumearen aurka egindako erasoa menperatze edo umiliazio harreman baten markoan gertatu denik frogatzeko osagairik ez dago.