Gizartea -
Laugarren epaiketa
Ibarren abokatuaren hitzetan, 'errugabetasunaren hipotesiak sendo jarraitzen du'
Urriaren 1ean hasitako epaiketan zehar Ibarren aurka aurkeztutako froga guztiak “zirkunstantzialak” direla adierazi du Benjamin Waxman abokatu taldearen buruak.
Agentziak | Erredakzioa
“Errugabetasunaren hipotesiak sendo” jarraitzen duela esan du gaur Pablo Ibar euskal jatorriko estatubatuarraren defentsak. Laugarren epaiketaren fase berri bati hasiera eman diote AEBetan. 1994an, Miramarren (Florida), egindako hilketa hirukoitza epaitzen ari dira.
Urriaren 1ean hasitako epaiketan zehar Ibarren aurka aurkeztutako froga guztiak “zirkunstantzialak” direla adierazi du Benjamin Waxman abokatu taldearen buruak 2019ko aurreneko saioan. Dennis Bayle epailea auzia zuzentzen ari da Fort Lauderdaleko auzitegian (Miamitik 40 kilometro iparraldera).
Traje eta gorbatarekin jantzita agertu da Ibar saioan. Defentsak bere alegatuak egiteko txanda izan du.
Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogersen hilketengatik akusatu bakarra da Ibar. Euskal jatorriko estatubatuarrak arretaz jarraitu ditu Waxmanen azalpenak. 2018an egindako 15 saioetan zehar, Fiskaltzak aurkeztutako froga nagusiak aztertu ditu abokatuak.
Publiko artean, kazetariez gain, Candido Ibar Pabloren aita, Jose Manuel Ibar Urtain hildako boxeolariaren anaia, eta Candido Creis Espainiako kontsul nagusia izan dira.
Sucharskiren etxean, segurtasun kamera ezkutuak grabatutako bideoa atzera bota du Waxmanek, baita etxebizitza horretan eta elastiko batean aurkitutako DNA zantzuei egindako probak ere. Hilketa etxe horretan gertatu zen, eta hiltzaileak kamiseta horrekin aurpegia estali omen zuen. Froga horiekin Ibarri krimena leporatzea ezinezkoa dela uste du abokatuak.
Gary Foy Fiskaltzaren lekukoak Ibar identifikatu izana ere froga zirkunstantziala dela erantsi du Waxmanek. Foyk euskal jatorriko estatubatuarra argazkietan eta taldeko identifikazio-saio batean identifikatu zuen. Hilketen biharamunean, Ibar eta beste pertsona bat Sucharskiren etxetik biktimaren autoan ateratzen ikusi zituela azaldu zuen Foyk.
2016an Floridako Gorte Gorenak Ibarren heriotza-zigorra baliogabetu zuenean, froga eskasak eta ahulak zirela ebatzi zuen. Hirugarren epaiketan heriotza-zigorra ezarri zioten Ibarri, 2000n.
Joe Nascimento abokatuak ere hitza hartzeko aukera izan du. Nickleodeon Sucharskiren klubean grabatutako bideoa epaiketa guztietan froga bezala erabili izan dela azaldu du Nascimentok. Irudiok ezabatu zirela erantsi du abokatuak.