Gizartea -

Indarkeria matxista

Lau gizon kartzelara, Urtezaharrean neska bat taldean bortxatzeagatik Alacanten

Callosa d'En Sarria herrian jazo zen bortxaketa, eta bideoan grabatu omen zuten. Ikertzaileen ustez, taldeak gutxienez beste bi emakume bortxatu ditu modu bertsuan.

Guardia Zibilaren agente bat atxilotuetako batekin. Argazkia: EFE
Guardia Zibilaren agente bat atxilotuetako batekin.
Guardia Zibilaren agente bat atxilotuetako batekin. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19, 21, 22 eta 24 urteko lau gizon kartzelara bidali ditu Alacanteko epaile batek Urtezaharrean 19 urteko emakume bat taldean bortxatzea egotzita.

Hainbat delitu leporatu dizkiete: sexu-erasoaren delitu bat, sexu-abusuaren bi delitu eta intimitatearen kontrako beste delitu bat. Gizonetako batek aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta adingabe bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik.

Bortxaketa Callosa d'En Sarria herrian jazo zen, urtarrilaren 1eko goizaldean, eta egun horretan bertan atxilotu zituzten laurak. Guardia Zibilak zehaztu duenez, herriko bizilagun batek ohartarazi zien etxebizitza bateko soto batean eraso bat gertatzen ari zela. Bertaratu zirenean, emakumezko gaztea erdi biluzik topatu zuten agenteek. Mozkor eta, seguru asko, drogaren baten eraginpean zegoen, Guardia Zibilaren hitzetan; izan ere, "ez zekien non zegoen, ezta non bizi zen ere", eta ez zuen azken orduetan jazotakoa gogoratzen.

Neskarekin batera zeuden lau gizonetako hiru berehala atxilotu zituzten, eta handik gutxira hartu zuten atxilo laugarrena.

Biktima Vila Joiosako Marina Baixa ospitalera eraman zuten, osasun-azterketa egin eta arreta psikologikoa eman ziezaioten.

Ikerketaren iturrien arabera, biktimak erasotzaileetako bi ezagutzen zituen, eta haiekin egin zuen topo Benidormen, Gabon zaharreko ospakizunetan. 05:00ak aldera, parrandan jarraitzeko, Benidormeko etxe batera (amaren ezagun baten etxea omen zen) joateko gonbita egin zioten gizonek emakumeari. Bertan zeudela, eta zerbait edan ostean, hasi omen ziren bortxatzen. Biktimak ez omen du ezertxo ere gogoratzen.

Handik Callosa herrira joan ziren, eta emakumea eurekin eraman zuten; biktima "ez zen kapaz bere kabuz ibiltzeko ere", Guardia Zibilaren arabera.

Ikertzaileen esanetan, lau gizonek bideoan grabatu zuten bortxaketa, La Manadako bost kideek 2016ko sanferminetan egin zuten bezala.

Biktima gehiago

Ikerketaz arduratu direnek nabarmendu dutenez, gizonetako batek beste emakume bat bortxatu zuen iazko urrian. Biktimak salaketa jarri zuen.

Horrez gain, lau gizonak taldean egindako bortxaketa gehiagoren egile direla uste dute ikertzaileek: gutxienez bi kasu atzeman dituzte.

______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Delituak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa ‘La Manada’ auzia