Gizartea -

Iruñea

Maravillas Gaztetxea: 'Gune hau auzokide guztiena da, baina ez Poliziarena'

Gaztetxeko arduradunek Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute, teknikariekin batera Foruzaingoa eraikinean sartzeko baimen judiziala eskatu duelako.

Iruñeko Maravillas Gaztetxea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Iruñeko Maravillas Gaztetxea.
Iruñeko Maravillas Gaztetxea. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maravillas Gaztetxeak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak baimen judiziala eskatu du kalterik ote dagoen egiaztatzeko eraikinean teknikariak Foruzaingoaren laguntzarekin sartu ahal izateko. Epaitegiaren jakinarazpena joan den urtarrilaren 2an jaso zuten.

Gaztetxeko arduradunek Foru Gobernuaren jarrera kritikatu dute: "Tematuta daude Gaztetxean sartu eta ustezko 'kalteak' zenbatzeko; baina jakin badakite 20 urtez abandonatuta dagoen eraikin batek hutsik dagoenen kalte gehiago izaten dituela, erabilera ematen zaioenean baino".

"Rozalejoko Markesaren Jauregian sartu ginenetik garbiketa eta konpontze lanetan aritu gara eta, ondorioz, eraikinaren egoera nabarmen hobetu da", azpimarratu dute ohar batean.

"Gure ibilbidea hasi genuenetik elkarrizketarako borondatea eta jarrera irekia izan dugu Nafarroako Gobernuaren aurrean, eta sarritan esan diogu teknikariek eta arkitektoek Gaztetxeko ateak irekita dituztela", erantsi dute.

Alabaina, "gonbidapen guzti horiek baztertu egin dituzte, eta orain Foruzaingoaren eskutik indarrez sartzeko mehatxua egiten ari zaizkigu", salatu dute.

"Gaztetxean gorputz errepresiboak inoiz ez dira ongietorriak izango; gune hau auzokide guztiena da, Poliziaren izan ezik", nabarmendu dute.

"Eraso hau Maravillas Gaztetxea 'samurtasunez' utzarazteko amarru bat baino ez da; ondasuna zaintzeko aitzakia teknikoak erabili nahi dituzte gu hemendik ateratzeko eta lokala ixteko", ohartarazi dute.

"Errepresioari aurre egingo diogu, edozein tokitatik etorrita ere", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Polizia Iruñeko Alde Zaharra Gazteak