Gizartea -
Gipuzkoa
Hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa Gipuzkoako Aldundiaren esku utzi du GuraSOSek
Erraustegiaren kontrako plataformak azpimarratu du "plana bideragarria" dela, eta Aldundiari elkarrizketarako deia egin dio, auzia akordioaren bidez konpontzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
GuraSOS elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi du hondakinak kudeatzeko landu duen plana.
Dokumentua entregatu aurretik, ekitaldia egin dute Aldundiaren parean eta haurrek hartu dute hitza: "Gure gurasoek urte eta erdi daramate aldundiarekin hitz egin nahian, hondakinen inguruko auzian akordioa bat lortzeko asmoz. Baina jaso duten erantzuna isiltasuna eta arbuioa izan dira".
Joseba Belaustegi GuraSOS elkartearen bozeramaileak Hondakinak kudeatzeko Planaren tramitazioa gelditzeko eta elkarrizketaren bideari hel diezaiola eskatu dio Aldundiari, auzi honi prozesu parte-hartzaile baten eta akordioaren bidez irtenbidea emateko.
Belaustegik azaldu duenez, urtebete eman dute Hitzartu ekimenaren baitan lanean eta horren ondorio da hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa. Zubietako erraustegiak Gipuzkoan eragin duen "zatiketa eta gatazka soziala" amaitzeko balio dezakeela ziur agertu da.
"Gizarte zibil antolatuak ekonomikoki nahiz ingurumenaren ikuspuntutik bideragarria den proposamena jarri du mahai gainean", nabarmendu du.
"Zigilatutako, isolatutako eta bioegonkortutako gelaxkatan hondakin inertizatuak" gordetzean oinarrizten da plana.
Ildo horretan, teknika hori Bizkaian dagoeneko indarrean dagoela gogoratu du. "Duela gutxi horrelako gelaxkak jarri dituzte Artigaseko instalazioetan", erantsi du.