Gizartea -
2020ra arte
Moma dantzalekua urtebetez ixteko agindua eman du Bilboko Udalak, zaratagatik
Azken hilabeteetan, dagozkion dezibelio kopurua gainditzeagatik lau espediente jaso ditu Bilboko Rodriguez Arias kaleko dantzalekuak.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Moma dantzalekua urtebetez ixteko agindua eman du Bilboko Udalak, gehiegizko zarata eragiteagatik. Urtarrilaren 3an eman die arduradunei erabakiaren berri.
Rodriguez Arias kalean dagoen dantzaleku ospetsua urtarrilaren 8tik aurrera itxiko dute, eta 2020ko otsailaren 7ra arte egongo da itxita. Dagozkion dezibelio kopurua gainditzeagatik lau espediente jaso eta gero hartu du erabakia Udalak.
Ez da dantzalekuak arazoak ematen dituen lehen aldia. Izan ere, 2017ko urtarrilean zabaldu zutenetik polemikaz inguratuta egon da Moma, eta hamahiru espediente jaso ditu guztira gehiegizko zarata eragiteagatik.
2017ko maiatzean, dantzalekua ireki eta lau hilabetera, lau astez itxiarazi zuen Udalak. Azaroan, berriz ireki eta bi hilabetera, lau hilabetez ixteko agindua eman zuten agintariek.
Auzokideen eta inguruko ostalarien protestak etengabeak izan dira. Udaleko arduradunekin bildu dira, baina ez dute aparteko emaitzarik lortu.
Azken polemika abenduaren 30ean piztu zen. Rodriguez Arias kaleko kaltetuen elkarteak Moma dantzalekuaren kanpoaldean gertatutako istiluen bideoa zabaldu zuten.
Oraindik helegitea aurkezteko aukera dute Moma dantzalekuko jabeek. Izan ere, itxierak itxiera, ugazabek Moma behin eta berriz irekitzea lortu dute epaitegietan helegiteak jarriz.