Gizartea -
Indarkeria matxista
Bilbok San Tomas egunean eta Deustun izandako eraso matxistak gaitzetsi ditu
San Tomaseko azokaren ondoren, pertsona batek ukituak egin zizkion emakume gazte bati, eta abenduaren 23an Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Deustun, bikotekidea jotzea leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udalak abenduaren 21ean, San Tomas eguneko azokaren ondoren, eta Deustun abenduaren 23an izandako bi eraso matxistak gaitzetsi ditu. Erasoon ustezko egileak atxilotu zituzten Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, hurrenez hurren.
Lehen erasoa, Bilboko Udalak gaur iragarri duena, San Tomas eguneko azoka amaitutakoan izan zen Bilboko Areatzan: gizonezko bat emakume gazte batengana gerturatu zen, eta ukituak egin zizkion.
Emakumeak errieta egin zion eta gizonak korrika alde egin zuen, baina hainbat udaltzainek atxilotu zuten, Udalaren arabera.
Abenduaren 23ko goizaldean, Deustu auzoan, Ertzaintzako agenteek 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten kalean bertan bikotekidea jo ondoren, lekuko baten eta gertakari horretan lanean ari zen ertzain baten kontra egin zuelakoan.
Bilboko Udaleko taldeek beren gaitzespen handiena eta haserrerik sakonena adierazi dute eraso matxista horien aurrean, “integritate fisiko eta moralaren aurkako atentatua eta, hortaz, giza eskubideen urraketa larru eta toleraezina baitira”.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.