Gizartea -

Abusuak eskoletan

Ikasleak sexu-abusuetatik babesteko neurriak eskatu dizkio Ganberak Jaurlaritzari

Onartutako ekimenak Gaztelueta auzia aipatzen ez badu ere (EAJ akordiora biltzeko kendu behar izan dute aipamena), hizpideetako bat izan da eztabaidan. PPk kontra bozkatu du.

Juan Cuatrecasas Gazteluetako biktimaren aita, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Juan Cuatrecasas Gazteluetako biktimaren aita, Legebiltzarrean.
Juan Cuatrecasas Gazteluetako biktimaren aita, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastetxeetan gerta litezkeen sexu-indarkeria kasuen aurrean, adingabeak babesteko neurriak hartzeko eskatu dio gaur Eusko Legebiltzarrak Gobernuari. Hala, eskolaren batean "gehiegikeriengatik salaketa edo epairen bat egonez gero" ikuskaritza indartzea eta prebentzio eta jardun-protokoloa garatzea galdegin du.

Elkarrekin Podemosen ekimenez burutu da eztabaida, baina PPk ez beste talde guztiek adostutako erdibideko testu bat onartu du azkenean Legebiltzarrak. Alderdi Popularrak kontra bozkatu du. Idatzian "elkartasuna" adierazi die Ganberak sexu-abusuen biktimei eta senideei.

Elizari ere zuzendu zaio Legebiltzarra. Biktimak "babesteko" eta abusuak "prebenitzeko" neurriak eskatu dizkio. Horrez gain, "Elizarekin nolabaiteko harremana duten ikastetxeetan salatzen diren kasuak argitzeko, zigortzeko eta erreparazio osoa ahalbideratzeko" deia egin dio.

Onartutako idatziak ez du Gaztelueta auzia hitzez hitz aipatzen —Elkarrekin Podemosen ekimenean bazegoen, baina kendu behar izan dute, EAJ akordiora biltzeko— . Dena dela, auzi hori hizpide izan dute legebiltzarkide gehienek.

PPkoak salbu, gainerako alderdietako bozeramaileek Imanol Goyarrola Gazteluetako zuzendariaren adierazpenak kritikatu dituzte 11 urtera zigortutako irakasle ohiaren errugabetasuna defendatzearren. Hain justu, Juan Cuatrecasas biktimaren aitak bilkura jarraitu du gonbidatuen jesarlekuetatik.

Garrido, Arrizabalaga, Rojo eta Arana, Legebiltzarrean.

LAURA GARRIDO LEIXURI ARRIZABALAGA EUKENE ARANA NATALIA ROJO LEGEBILTZARRA EFE

Garrido (PP), Arrizabalaga (EAJ), Rojo (PSE-EE) eta Arana (Elkarrekin Podemos), testua adosten. Argazkia: EFE

"Halako kasu baten aurrean inoiz egin behar ez dena egin da Gaztelueta auzian", esan du Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Horren ustez, Goyarrolaren adierazpenak "lotsagarriak" izan ziren. Juan Cuatrecasas biktimaren aitarentzat esker oneko hitzak izan ditu Aranak, "erakutsi duen ausardiagatik eta egindako lanagatik". "Guk, Elkarrekin Podemoseko kideok, sinesten zaitugu", erantsi du.

Oihana Etxebaerrieta (EH Bildu) legebiltzarkideak ere gogor salatu du Gaztelueta ikastetxeko zuzendaritza: "Erasotzailea defendatu zuten, eta gaztea berriro biktima egin. Gu ere zuekin gaude, eta biktima guztiekin".

Natalia Rojo PSE-EEko kideak ere Opus Deiko eskolako zuzendariaren jarrera kritikatu du. Horren iritziz, Hezkuntza Sailak "zer edo zer egin beharko luke horren aurrean".

Leixuri Arrizabalagak (EAJ), aldiz, "zorroztasunez eta zuhurtziaz" aritzeko eta "diskurtso populistak saihesteko" eskatu du. Gazteluetako zuzendariaren adierazpenak hizpide, "zoritxarrekoak" izan zirela onartu du baina esan du, itunpeko zentroa denez, Hezkuntza Sailak ezin duela kargutik kendu.

Laura Garridok, bestalde, "zero tolerantzia" eta "irmotasunez jokatzea" eskatu du, "baloreetan, errespetuan eta duintasunean" oinarritutako hezkuntza aldarrikatzearekin batera. Halaber, biktimen babeserako prebentzioan lan egitea exijitu die botere publikoei.

Gazteluetako ikasle ohiaren aitak "arrakastatsutzat" jo du onartutako testua, nahiz eta atsekabetuta azaldu den bere semearen kasua ez aazaltzeagatik. Gainera, eztabaidan PPk "horri buruzko aipamenik egin ez izana" eta EAJk "zeharka baino aipatu ez izana" kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Delituak albisteak Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Eraso sexualak gaur Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Sexu abusuak Eliza Katolikoan