Gizartea -

Nafarroa

Etxe batek su hartu du Ablitasen eta bost lagun intoxikatu dira kea arnasteagatik

Bikote bat eta hiru adingabe ospitalera eraman behar izan dituzte. Etxebizitza kiskalita geratu da.

Keak erabat belztu du etxeko sarrera. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Sutea Ablitasen (Nafarroa).
Bost lagun intoxikatu dira Ablitasen izandako sute batean

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost pertsona, horietako hiru adingabe, arin intoxikatu dira kea arnasteagatik Ablitaseko (Nafarroa) etxebizitza batean izandako sutean. Garrek kalte handiak egin ditu etxebizitzan.

Gertakaria 01:02an jazo da, Chiquero kaleko 6. zenbakian. Tuterako suhiltzaileak heldu direnean, beheko solairua sutan zegoen, eta garrak beste bi solairuetara heltzen ziren.

Etxebizitzako bizilagunak lotan zeuden, eta suteaz jabetzean, etxebizitzatik atera dira. Bidean, baina, kea apur bat arnastu dute. Larrialdiko mediku taldeak 30 urteko bikotea eta hiru adingabeak (11, 5 eta 2 urteko umeak) artatu ditu, baina gero Tuterako Sofia Erregina Ospitalera eraman dituzte, intoxikazio arin batekin.

Foruzaingoak ikerketa zabaldu du sutea zerk eragin duen jakiteko; lehen datuen arabera, berogailu bat izan daiteke iturria. Etxebizitza barrualde guztia kiskalita geratu da, eta kanpoaldea keak belztuta. Sabaiaren estalkia behera etorri da eta tutueriak apurtu egin dira, eta ondorioz, gainezka egin du urak.

Suhiltzaileek 03:00etarako amatatutzat eman dute sutea, baina 03:40an berriro hartu behar izan dute esku, garrak suspertu direlako. 05:00etarako behin betiko itzali dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak