Gizartea -
2017ko datuak
Suizidatu diren pertsonen kopurua, trafiko istripuan hildakoen ia bikoitza
Suizidioa da 15-39 urte bitarteko pertsonen lehen heriotza arrazoia, gainera.
Agentziak | Erredakzioa
Bere buruaz beste egin zutenen kopuruak % 3 egin zuen gora 2017an (3.679 heriotza), eta trafiko istripuek eragindako heriotzen ia halako bi izatera heldu ziren (1.943 heriotza, 2016an baino % 2,8 gehiago.
"Zentzeko arrazoiaren araberako heriotzak" izeneko estatistika txostena kaleratu du gaur Espainiako Estatistika Institutuak (INE), 2017ari dagozkion datuekin.
Horren arabera, heriotza ez-naturalen artean lehen kasua dira suizidioak.
Gizonek emakumeek baino gehiago egiten dute beren buruaz beste, 2.718 eta 961 heriotza, hurrenez hurren.
Aipatzekoa da suizidioa dela 15-39 urte bitarteko pertsonen lehen heriotza arrazoia (% 41,1).
Gaixotasunak
2017an 424.523 pertsona hil ziren (aurreko urtean baino % 3,5 gehiago), % 96,3 heriotza naturalen ondorioz.
Zirkulazio-sistemako gaixotasunak (bihotzekoak, bularreko anginak...) izan ziren heriotza arrazoi nagusia (263,2 heriotza 100.000 biztanleko); bigarren kausa moduan ageri dira tumoreak (243,4), eta hirugarren, arnas sistemako eritasunak (110,9).
Gizonezkoen artean, tumoreek eragin zituzten heriotza gehien (300,1 hildako 100.000 biztanleko, % 0,2ko jaitsierarekin). Emakumezkoen artean, zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren heriotza arrazoi nagusia (188,8, % 1 gehiago).