Gizartea -
BILBO
Hontzak konpartsaren aurkako epaiketa, 2017ko 'Vatikanoko harategiak' dekorazioagatik
Bizkaiko Auzitegian Hontza konpartsako kide baten aurkako auzi saioa egiten ari dira, sentimendu erlijiosoen aurkako delitua leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Auzitegian Hontza konpartsaren aurkako auzi saioa egiten ari dira gaur, 2017ko Aste Nagusian txosnan eskegi zuten "Vatikanoko harategiak" izeneko dekorazioa tarteko. Sentimendu erlijiosoen kontrako delitua leporatzen diote konpartsari.
2017ko Aste Nagusian Ertzaintzak gurutze bat eta beste hainbat irudi erretiratu zituen Hontza konpartsaren txosnatik, epailearen aginduz. Apezpikutzak jarri zuen salaketa. "Vatikanoko harategiak" izeneko dekorazioan Kristo gurutziltzatu bat ikus zitekeen eta giza gorputzaren zatiekin egindako harategi bat. Hauxe irakur zitekeen: "Hartu eta jan, hau nire gorputza da".
Borja Irizar defentsa abokatuak azaldu duenez, Apezpikutzak ez ezik Jose Ignacio Irusta Falangeko presidenteak ere aurkeztu zuen salaketa.
Hasiera batean, Bilboko 3. Instrukzio Epaitegiak auzia artxibatu egin zuen, adierazpen askatasunaren baitako ekintza bat zela iritzita. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta Bizkaiko Auzitegiak ahozko epaiketa abiatzea erabaki zuen.
Fiskaltzak 1.400 euroko isuna eskatzen du auzipetuarentzat (1.900 euro gastuak barne). Defentsak, ostera, absoluzioa.