Gizartea -
Indarkeria matxista
Donostiako EH Bilduk Kote Cabezudoren biktimentzako babesaz galdetuko du astelehenean
Udal-batzordean babes horren gainean galdetuko duen zinegotziaren aldeko elkarretaratzea deitu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Naiara Sampedro zinegotziak, EH Bilduk Donostiako Udalean duen udal-taldeko kideak, galdera egingo dio astelehen honetan Udal Gobernuari, Kote Cabezudo argazkilariaren biktimak direla salatu duten emakumeekiko babesa zertan den jakiteko; izan ere, ekainean adostu zuten Udaleko taldeek biktimei babes hori ematea.
Horrela, EH Bilduko zinegotziaren aldeko elkarretaratzea deitu dute, 09:00etarako, udaletxe aurrean.
Sare sozialetan zabaldutako testu batean Sampedrok gogoratu duenez, udal-talde guztiek ekainean adostu zuten babesa emango zietela Cabezudoren biktimei. Adierazpen instituzional baten bidez, biktima guztiei agertu zieten babesa, baita elkartasuna ere, eta konpromisoa hartu zuten horrelako kasuetarako aurreikusitako arreta-protokoloak abian jartzeko. Halaber, ahal den neurrian delituak ikertzen lagunduko zutela hitzeman zuten.
Sei hilabete, informaziorik gabe
Aipatutako adierazpen instituzionala kaleratu eta sei hilabetera, EH Bilduk dio ez duela Udal Gobernuaren informaziorik jaso auziaren jarraipenaz. Astelehen honetan, zergatik ez duten informaziorik eman, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak zergatik ez duen Cabezudoren biktimentzat justizia eskatzen duen plataformarekin harremanik izan eta Udal Gobernuak auziaren berri udaletxean eta udaletxetik at emateko zer aurreikusi duen galdetuko du EH Bilduren ordezkariak.
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra sexu-abusuak, iruzurra eta sexu-askatasunaren aurkako hainbat delitu egotzita dago ikerketapean. Maiatzaren 4tik dago kartzelan, behin-behinean.