Gizartea -

La Manada auzia

'La Manada'ko bost kideak espetxeratzeko agindua eman du Fiskaltzak

Halaber, Auzitegi Gorenera jo eta kasazioko errekurtsoa aurkeztuko duela argitu du Fiskaltzak, "sexu abusu jarraitua" barik, "sexu eraso jarraitua" egon zela iritzita.

'La Manada'ren aurka Iruñean egindako manifestazioa. ETBren bideo batetik ateratako irudia
'La Manada'ren aurka Iruñean egindako manifestazioa
'La Manada'ren aurka Iruñean egindako manifestazioa. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 'La Manada'ko bost kideak kartzelan sartzeko agindua eman dio Nafarroako Lurralde Auzitegiari. Aste honetan bertan berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak La Manada auziaren epaia, hots, Lurralde Auzitegiak bost gazte sevillarrei nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik ezarritako bederatzi urteko zigorra. Alabaina, bi epailek kontrako botoa eman zuten orduan, 2016ko sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela argudiatuta.

Fiskalak ostiral honetan bidalitako idatzian, epaileak espetxeratze agindua eman aurretik egin ohi duten saioa lotzeko ere eskatu dio Lurralde Auzitegiari, ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Idatzian zehaztu dute, behin bederatzi urteko kartzela zigorra berretsita, beharrezkoa dela auzipetuek zigor hori beteko dutela ziurtatzea. Horregatik, zigortutako bost kideek alde egin ez dezaten, berehala espetxean sartzea eskatu dio Nafarroako Lurralde Auzitegiari.

Halaber, Auzitegi Gorenera jo eta kasazioko errekurtsoa aurkeztuko duela argitu du Fiskaltzak, "sexu abusu jarraitua" beharrean, "sexu eraso jarraitua" egon zela iritzita. Horixe da, hain justu, hasiera batetik Fiskaltzak esandakoa.

Esan bezala, bost epaileetatik bi (Joaquin Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Miguel Angel Abarzuza) bat zetozen Fiskaltzak emandako arrazoibideekin. Horri dagokionez, bi epaileek arrazoitu zuten larderiaz egindako erasoa izan zela, biktimak ez ziela horretarako baimenik eman eta "modu intuitiboan" erantzun zuela.

Horien iritziz, beraz, larderiaz jokatu zuten eta iraingarria izan zen gertatutakoa. Gainera, jazotakoa are larriagotzat jotzen dute erasoan pertsona batek baino gehiagok parte hartu zuelako.

Gauzak horrela, intimitatearen aurkako delitua onartzeak auzipetuen zigorrak handitzea ekarriko luke. Aurretik ezarritako zigorrari 2 urte eta 10 hilabeteko kartzelaldia gehituko liokete.

Akusazioen eta Fiskaltzaren irizpideen artean, ordea, alde handia dago. Sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela dio Fiskaltzak; bost auzipetuen abokatuek, aitzitik, helduen arteko sexu-harreman baimenduak izan zirela berretsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Gaurko albisteak Nafarroan Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa ‘La Manada’ auzia