Gizartea -
gertaera
Bi emakume hil dira monoxidoa arnastuta, eta gizon bat oso larri dago Iruñean
Udaltzaingoak ikerketa abiarazi du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko. Gertaera abenduaren 5ean izan zen.
I.G. | EITB.EUS
Bi emakume (91 eta 86 urte) hil dira antza denez monoxidoa arnastuta, Iruñeako etxebizitza batean. Halaber, hiriburu nafarreko Udaltzaingoak eitb.eus-i adierazi dioenez, 88 urteko gizon bat "oso larri" dago.
Ezbeharra abenduaren 5ean izan zen, Iruñeako San Agustin kalean. Biktimetako senide batek topatu zituen hiru pertsonak, etxebizitzara sartu zenean. Horietako bat (86 urteko emakumea) hilda zegoen une horretan, eta beste bat (91 urteko emakumea) oso larri, haiekin batera zegoen gizona bezala.
Larrialdietako zerbitzuari abisua eman ostean, larri zeuden bi pertsonak ospitalera eraman zituzten berehala, baina horietako bat atzo, abenduak 6, hil zen.
Udaltzaingoak, bestalde, ikerketa bat abiarazi zuen heriotza zerk eragin zuen argtizeko. Udaltzaingoaren ustea da gasak edo errekuntza oker batek egindako ihesa eragin izana, ez baitzen suterik izan.